(Aitor Manterola/Hitza)
Amaia Uranga:
"Kontxako Bandera irabaztea betiko amets bat betetzea da"
Astelehen goiza da, eta eguzkia ari da ateratzen. Amaia Urangari (Zumaia, 1995) bezperan atera zitzaion, Donostiako badian, 11:15ak aldera. Orduantxe bukatu zen emakumezkoen seigarren Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta Zumaiak ia erabakita utzi zuen estropada. 11 segundora du bigarrena, Hibaika, eta gauzak ondo direla, igande honetan biribilduko du lana. «Ametsa da», dio Urangak. Datorren astelehenean eguzkia aterako den edo ez ezin da jakin, baina Urangari eta bere taldekideei aterako zaie, Kontxako Banderaren itxurarekin.
Aurten Kontxako Bandera Zumaira joango al da?
Ez dakit. Aldeak handiak dira, baina oraindik igandean arraunean egin behar da; ea zer gertatzen den. Itsasoa da azkenean.
Esan duzuna esan behar duzulako esan al duzu, ala bandera ia irabazita duzuela uste duzu?
Ilusioa dugu, nola ez. Gertu dago, baina ez dugu konfiantza handirik nahi. Lanean buru-belarri sartuta segitu nahi dugu. Iazko esperientzia hor daukagu; lehen igandera heldu ginen ustez faboritoak ginela, eta gero, uretan ez genuen asmatu.
Iazko esperientzia txarra onerako erabili al zenuten igandean?
Bai. Iaz, antsietatea genuen, eta ez ginen gai izan ondo kudeatzeko. Iaz baino lasaiago atera ginen igandean, eta gure buruan konfiantza handiarekin. Oso ondo atera zitzaigun.
Burua lantzeko ezer berezirik egin al duzue?
Entrenatzaileak esan zigun arraun munduko kontuetatik urrun ibiltzeko, isolatzeko nolabait. Gero, denboraldia joan den bezala joanda, burua lasaiago genuen. Gauzak ondo egiten baditugu, badakigu ondo aterako zaigula. Konfiantzaz gaude.
Igandeko estropadan Hibaika aurretik jarri zitzaizuen lehen luzean, baina ez zineten batere larritu. Hitz eginda al zenuten zuen artean lana horrela egiteko?
Hitz eginda ez. Zarauzko Estropadan ere Hibaika aurretik joan zitzaigun, oso irteera ona egiten duelako. Guk garbi genuen bakarra zen burua hotz eduki behar genuela, aurretik joaten baziren ere guk gureari eutsi behar geniola. Ziabogatik barrura aurretik jarri ginen, animatu egin ginen, eta Hibaikak behera egin zuen.
Zu estriborrean joaten zara, eta igandean ederki ikusiko zenuen Hibaika aurretik zihoala. Zer pentsatu zenuen orduan?
Ezin da begiratu, baina ikusi nituen aurretik zirela. Nagore patroiak [Nagore Osoro] esan zigun hiru segundo aurretik zirela, eta nik askoz aurrerago ikusten nituen, urruti. Beldurra sentitu nuen. Baina bagenekien lasai joan behar genuela, gure erritmotik atera gabe. Kikek [Kike Manterola entrenatzailea] esana zigun erritmoari eusteko, ez egiteko iazkoa, biziegi joan baikinen. Denboraldi osoan joan gara erritmo horretan, eta hori da gure arraunkera.
Hibaika atzean zenutela, gozatu egin al zenuten bigarren luzean?
Bagenuen kezka. Denbora atera nahi genien. Gozatzen ari ginen, baina tentsioan. Gainera, ezin ginen lasaitu, Hibaikak ondo bukatzen dituelako estropadak.
11 segundo atera zenioten Hibaikari. Konforme geratu al zineten?
Bai. Gustura nago aldearekin. Gehiago izan bazen hobe, baina ezin gara kexatu.
Aurkari bakarra al duzue bandera irabazteko?
Oraingoz bai, baina ezin da jakin. Egia da San Juanek eta Galiziak zailagoa dutela. Ezer berezirik gertatzen ez bada, Hibaika izango da aurkari bakarra.
Igandeko estropada jokatu aurretik amestutako egoeran al zaudete?
Denok egon nahiko genuke hala.
Begiratu al duzu datorren igandeko eguraldi partea?
Bai, begiratu dut [barrez]. Ona dago emanda, eta lasaitu egin naiz. Itsaso onarekin hobeto, nahiz eta txarrarekin ere ondo moldatzen garen.
Zer da zuretzat Kontxako Bandera irabaztea?
Pentsatu izan dut, baina burutik kentzen ari naiz. Momentua heldu arte ez dut pentsatu nahi. Amets bat betetzea da.
Sekulako denboraldia ari zarete egiten.
Bai, latza. Bi estropada soilik ezin izan ditugu irabazi, eta oso gustura gaude egindakoarekin.
Lehia hasi aurretik pentsatzen al zenuten hain ondo ibiliko zinetenik?
Ondo ari ginen entrenatzen, baina halako denboraldia egitea...
Zer du Kontxako Banderak berezia?
Denek esaten dizute beste bandera bat gehiago dela, baina ez da. Uretara sartzean, jende piloa daukazu zain, presio puntua nabaritzen duzu... Oso berezia da. Gero bai, estropadan, bat gehiago da, besteetan bezala egin behar da arraunean. Emozio handiko uneak dira uretatik kanpokoak.
Arranplako hori zer da?
Sekulakoa. Atzo [igandea] arranpla begiratu, eta Zumaiako jendea gorriz jantzita ikustean... Ea hurrengoan jende gehiago ere biltzen den. Kontzentrazioa ez galtzen saiatzen naiz arranplan, jende artean zein dagoen ere begiratu gabe, baina zaila da.
Bigarren urtea duzu traineruan, eta zer nolako bi denboraldi.
Zorte ona izan dut. Besteek aurretik egindako lanaren emaitza jaso dugu bi urteotan, eta oso gustura nago. Jendeak egundoko lana egin du aurreko urteetan. Irabazten ez zen urteetan ere traineruak uretan jarraitzea, adibidez, handia izan da.
Segi eta segi egin izan da hau guztia lortzeko.
Aurreko denboraldian egin zenuen debuta traineruan, eta hainbat bandera eta Gipuzkoako eta Euskotren ligak irabazi zenituzten. Urtebete pasata, zer gogoeta utzi dizu?
Sekulakoa egin genuela iruditzen zait. Arraunean hainbat urte daraman jendeari kosta egiten zaio banderak irabaztea, eta nik nire aurreneko urtean pila bat irabazi nituen. Handia izan zen.
Eta bigarren denboraldi hau iazkoa baino hobea.
Bai. Ea hirugarrena hobea izaten den [barrez].
Noiztik zabiltza arraunean?
Hau hirugarren denboraldia dut. Kadetea nintzela hasi nintzen.
Zergatik arraunlari?
Aita arraunlari izana da, eta txikitatik jarraitu izan dut arrauna. Baina hastea burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten. Eskubaloian jokatu nuen, eta utzi nuenean, Haizeak [Haizea Aizpurua arraunlaria] animatu ninduen. Bera urtebete egina zegoen ordurako. Kontxa ikustera joateko esan zidan, eta hurrengo astean hasten zituzten entrenamenduak, eta hasi egin nintzen, zerbait egiteagatik.
Behin arraunean hasiz gero, harrapatu egin al zaitu?
Bai. Badauka zerbait berezia. Behin hasiz gero, zaila da uztea. Zer daukan ez dakit. Giro ona izan daiteke, taldekideen arteko harremana...
Emakumezkoen traineru estropadak sendotzen ari dira, baina gero, klub bakoitzak urtez urte joan behar du trainerua uretan egongo dela ziurtatzen. Zergatik?
Laguntzak oso txikiak dira, ez dira klubetan arrauna sustatzeko nahikoa. Gainera, beste arrisku hau ere bada: arraunlari askok urte dezente daramate, eta laster hasiko dira uzten. Zumaian, esaterako, azpitik batel bakarra dator, eta horiek gora iritsi arte... Gero, beste kiroletan errazago hasten dira umeak. Kuadrilla batean, egotekotan, arraunlari bat egongo da, eta hori ere ez askotan, eta beste guztiak futbolean edo eskubaloian aritzen dira.
(Aitor Manterola/Hitza)
Irakoitz Etxeberria:
"Gure txanda irabazten duenak eramango du bandera igandean"
Kontxako Banderaren lehen jardunaldiaren biharamuna da Orion. Arraun elkartearen egoitza berritzailean ez da mugimendu handirik. Irakoitz Etxeberria patroia (Orio, 1976) atera da, eta solasean-solasean, berriz barrura sartu da kazetariarekin batera. Bulego batean eseri, eta hantxe osatu da elkarrizketa. Ohi bezala, garbi mintzo da Etxeberria. Halatsu jarduten die arraunlariei estropadetan, eta dotore motibatzen ditu taldekideak. Lehen igandekoa oraindik gogoan, bigarrengoa du begiz jota, eta herrira ekarri nahi du bandera preziatua.
Igandekoa zer izan da Orioren partetik, «ona bai, baina...» ?
Pena horrekin gaude. Uste dut Kontxako eremuan guk aukera gehiago dauzkagula, ziaboga bakarrera izanda, nabigatu gehiago egin behar delako, eta gure traineruak kruzero abiadura ona hartzen duelako. Irabaztera joan ginen, ez genuen buruan beste ezer.
Lan hobea egin al zenezaketen?
Hasieran baietz uste nuen. Aurrenekoak sei segundo atera dizkigu, eta tartean beste ontzi bat sartu zaigu. Horrela begiratuta ezin konforme egon, baina denbora ikusita beste zerbait ere pentsa daiteke. 19.23 egin genuen. Sekulako denbora da. Irabazi duenari txalotzea beste aukerarik ez dugu. Gure lanarekin gustura gaude, hala ere. Dena eman genuen, Santa Klaratik barrura topera bizitu genuen erritmoa, eta sekulako denbora egin genuen.
Patroi gisa nola ikusi zenuen ontzia?
Kanporanzko luzean ez nuen sailkatze estropadan bezala ikusi. Gaizki ez zen joan, baina betiko distira hori gabe. San Pedro ez genuen atzean uzten, eta pentsatu nuen ez gindoazela ondo. Baina ziabogako denbora eman zidatenean, ona zela konturatu nintzen. Buelta eman, eta mutilak animatzen joan nintzen.
Kale artean alderik egon al zen?
Nik lehena eta bigarrena hartuko nituzke, gurea. Bueltakoan haizearen eta olatuen alde etortzeko aukera paregabea ematen zuten bi kale horiek, nahi zen lekua hartzeko aukera ematen zuten. Hasi ginen bueltan, baina distira falta. Urdaibai ikusten nuen aurrera zihoala, eta ikusten nuen beregana jo behar nuela, bere albora, bere kalera. Barruan daukat zera hori, joan ez izana bere gainera. Baina Igor [Igor Makazaga] eta ni ez ginen horretan geratu, eta ezin hitz egindakoa hautsi. Laugarren kalera pixkakana joan ginen, baina lehenago harantz joan zirenek asmatu zuten bete-betean. Begira zer egin zuen Hondarribiak. Seigarren kalera joan zen buelta eman berritan, eta Santa Klara uhartea pare-parean ikusiko zuen; helmuga ere ez zuen ikusiko, eta gero, zuzendu egin behar izan zuen. Metro gehien egingo zituen, baina begira nola etorri zen.
Oriok bukaera latzak egin izan ditu, baina igandean bukaera on hori aurreratu egin behar izan zenutela esan duzu. Bukaera hori falta al zen?
Ez ginen besteetan bezain era ekonomikoan iritsi bukaerara, lehendik jo behar izan genuelako latza. Urdaibai aldiz, beste txispa batekin iritsi zen. Irlatik barrurako olatu bizia ederki baliatu zuen. Bagenekien gure arraunkera luzeagoarekin tarte horretan gehiago kostako zitzaigula. Hitz eginda eta barneratuta geneukan, eta horregatik nahi genuen uharte parera haiekin batean edo aurretik heldu. Hor irabazi ziguten.
Zer gertatuko da igandean?
Gure arteko txanda irabazten duenak eramango du bandera.
Itsaso ona dago emanda...
Bai, baina fiatzerik ba al dago parteekin? Iganderako ere haizeak gora eginda zegoen emanda, eta gu azkar asko jarri ginen irteeran, badaezpada ere. Gero, kontrakoa gertatu zen. Ez haize eta ez ezer. Irten zai ginela ia eguzkitako krema eman behar izan genuen.
Urdaibaik eta Hondarribiak espero baino maila hobea eman al zuten?
Urdaibai oso ondo aritu da abuztuan, baina haiek eta guk ez dugu zorte onik eduki kaleekin abuztuko estropadetan. Kaikuk, aldiz, bai. Mutilei esaten nien Urdaibai oso ondo dagoela, eta begira igandean. Jo egingo zuela pentsatzen nuen, eta jo du. Hondarribiarenak gehiago harritu nau, ez bainuen pentsatzen halako denbora egingo zutenik bigarren txandan joanda. Baina gora dator, bere arraunkerak beste distira bat dauka, ez da uztaileko arraunkera astun hura. Hondarribia asko da gero! Iazko taldea dauka, eta iaz bandera mordoa irabazi zuen.
Kale zozketa erabakigarria izan al daiteke igandean?
Beti esan izan dut Kontxa irabazteko bi gauza behar direla: lehenbizi, erakutsi egin behar duzu onena zarela, eta bigarrenik, sekulako zorte ona behar da kalearekin. Donostiako eremuan dago kale alde handiena Gipuzkoako eremu guztiak kontuan hartuta. 2007an irabazi genuen Oriorekin, eta ez dut inoiz ezkutatu: zorte ona izan genuen kalearekin, eta hori baliatzen asmatu genuen. Asmatzen jakitea ere oso zaila da. Igandean Urdaibai, Hondarribia eta gure artean kale onena duenak ez dakit irabaziko duen, baina txarrena duenak ez du irabaziko. Hori seguru.
Zein da eremuko leku zailena?
Ziaboga eman eta aurreneko minutuak. Sekulako itsas-lasterrak egoten dira, ontzia geratzeko arriskua dago, baina gero txoratu egiten da ontzia. Gero, txanda batetik bestera haizea aldatu egiten da. Ia beti gora egiten du haizearen indarrak lehen txandatik bigarrenera, eta aukeratzekotan lehena hartu lehen igandean, haizearengatik aukerarik gabe gera zaitezke eta.
Kontxa bat daukazu, 2007koa, eta aurten irabazteko aukerak dituzu. Denboraldi honetan itzuli zara arraunera. Espero al zenuen orain horrela egotea?
Ez nuen espero. Etorri nintzenean ez nekien zer talde zegoen ere! Arrauna uztea erabaki nuenean, erabat hautsi nituen loturak. Deskonektatu egin nuen. Herri honek hori du txarra. Uzten duzuenean, iruditzen zaie ontzia edo kluba baztertu duzula, eta itzultzen zarenean jainkotzat hartzen zaituzte. Baina gauzak ez dira horrelakoak. Badaezpada ere, hiru urtez
desagertu egin nintzen. Taldeari itxura ona hartzen hasi nintzen neguko jaitsieretan. Oriokoa erreferentzia da, eta urtero gauza bera gertatzen da: sailkapena hartu, eta aurreneko zazpietan daudenak hortxe-hortxe ibiliko dira lehen zazpietan Kontxako sailkatze estropadan. Oriokoa azkeneko proba da, eta topera etortzen da jendea. Bigarren egin genuen, eta Hondarribiakoan irabazle izan ginen. Konfiantza handia hartu genuen, eta denok entrenatu gara topera. Zerbait polita egin genezakeela ikusi genuen. Ohorezko txandan ibiltzeko gai ginela ikusten genuen, baina espero ez nuena zen hainbeste bandera irabaztea eta Kontxaka irabazteko lehian ibiltzea.
Kontxako Bandera hau ez irabaztea aukera handia galtzea izango al da?
Bai. Aukera honetan egotea, irabaztetik sei segundora izatea, oso gutxitan gertatuko zaio arraunlari bati, eta hori nabarmentzen diet mutilei. Ez badugu aukera baliatzen, aukera galdua izango da. Hor gaude, eta irabaztera joango gara. Porrota ez da izango. Kale ona egokitzen bazaigu eta ez badugu irabazten, aukera galduaren ustea handia izango da. Txanda irabaztera joan behar dugu, erabat konbentzituta.
Orioko arraunlari eta patroi batentzat Kontxako Bandera beste edozein herriko arraunlarientzat baino bereziagoa da?
Berdina da. Arraunlari guztientzat da estropada garrantzitsuena. Orion bezala beste inon ez da bizi estropada hau. Egunero, kalean bueltaka goazenean, herritar askok geratu egiten gaituzte, hau eta bestea galdetuz, dena jakin nahian. 40 minutu behar dituzu tabernara heltzeko.
Kazetaria: Aitor Manterola