Bakea eraiki nahi duten guztien arteko elkarrizketa aldarrikatu dute Joxe Mari Kortaren omenaldian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko abuztuaren 8a

Gaurko omenaldi isilaren une bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Gaur hamahiru urte betete dira ETAk Joxemari Korta enpresaria hil zuela eta, urtero bezala, Bidetik fundazioak Adegiko presidente izan zena gogoratzeko elkarretaratzea egin du Zumaian, Korta enpresaren atarian. Bertan izan dira, Kortaren senitarteko eta lagunei euren babesa eskaintzen Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabala eta hainbat zinegotzi, Eusko Jaurlaritzako Arantza Tapia Ekonomia sailburua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Marina Bidasoro Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren zuzendaria. Haiez gain, hainbat alderdi eta erakundetako ordezkariak ere bertaratu dira: Gipuzkoako Sortuko Joxean Agirre,  EAJko Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria, Markel Olano eta Maria Eujenia Arrizabalaga, EAko Pello Urizar, Aralarreko Rebeka Ubera, Pello Gibelalde Adegiko presidentea eta UPDko Gorka Maneiro eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako aholkulari Aintzane Ezenarro. Omenaldiaren aurretik Andoitz Kortak, Jesus Mari Mujikak eta Jesus Alberdik dekalogo bat aurkeztu dute. ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ondoren sortu den garaiaren ingurukoa da dekalogoa. Bidetik Fundazioaren iritziz, "politikoki justifikatu daitekeen indarkeriarik ez da onargarria eta indarkeriaren aurrean isilik geratzen dena injustiziaren konplizea da". 2011ko urriaren 20an ETAk behin betiko su-etena jakinarazi zuenean, "batetik, poza, eta bestetik, mina" sentitu zutela adierazi dute Bidetik fundazioko kideek. Poza, "beste etapa bat ireki zelako Euskal Herrian, baketsua", eta mina, "ETAren su-etenaren adierazpen horretan ez zelako biktimekiko inolako errespetu eta begirunerik egon". Horregatik, Bidetik fundazioak egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu ditu Joxe Mari Kortaren omenaldian. Horretaz gain, "elkarrizketa eta gizarte zibilaren  parte-hartzea" ezinbestekotzat jo dute bakea lortzeko bide bezala: "Bakea eraiki nahi duten guztiekin hitz egin behar da, mingarria izan arren", adierazi du Mujikak. Ildo horretan, Mujikak adierazi du gorrotoa eta mendekua alde batera utzi eta bakea lortzeko bidean urratsak ematen hasi behar dela, "interes partidistak alde batera utzita". Gainera, jakinarazi du Bidetik fundazioa prest dagoela bake prozesu horretan parte hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide