Rockaren izaera trufatzailea

Aritz Mutiozabal 2013ko abuztuaren 7a

Lau nerabek osatzen dute Iseka musika talde zumaiarra. Hemezortzi urte baino ez dituzte, baina Mikel Larrañaga (gitarrista eta ahots nagusia), Abel Armendariz (gitarrista eta ahotsak), Julen Garcia (bateria jotzailea eta ahotsak) eta Iosu Alberdi (baxua) laukoteak oso garbi ditu gauzak. Hiru urteko ibilbidearen ondoren estreinako diskoa eman dute argitara, eta gaur gauean, 23:00etatik aurrera, Itziarko jaietan aurkeztuko dute zuzenean. Taldekideak 2010eko uda bukaeran hasi ziren elkartzen, lagunartean musika egiteko aitzakiarekin. Hasieran, denbora-pasa modura geratzen ziren lo­kalean, beste batzuen bertsioak jotzeko. Urtebete geroago, Zumaiako gaztetxearen egin zuten zuzeneko debuta. Harrezkero, kontzertu ge­hiago ateratzen joan zitzaizkien, eta, bide batez, abesti propioak sortzen hasi ziren. Iazko udan jada Zumaiako mugak gainditu eta inguruko herrietara zabaldu zuten beren musika.Proiektua mamituta, Gabonetan estudiora sartzea erabaki zuten, estreinako lana grabatzera. Iseka taldeko kideak, instrumentuekin (Argazkia: Mikel Castellano) Zumaian bertan egin zuten grabazio-prozesu guztia, Igor Gutierrez Jijas teknikariaren estudioan, eta haren gidaritzapean. Prozesua luzea izan dela azaldu du Julen Garciak. «Aldi berean ikasketekin ari ginenez, patxadaz hartu genuen guztia. Azkenean, joan den maiatzean bukatu genuen diskoa, eta ekaina amaieran eman dugu argitara». Rock melodikoa Sei abestiz osatutako lana da Isekaren aurkezpen diskoa: Errudunak, Gezurrak, Nire zeruan, Gure hitzak, Damuan galdua eta Zuregatik dira bertan bildutakoak. Laukotearen ezaugarri nagusia rocka da; rocka ahots melodikoekin, zehatzago esateko. «Hainbat estilo uztartzen saiatzen gara, betiere rockaren inguruan. Abesti askotan rockaren riff indartsuak aurki daitezke, baina, aldi berean, melodiak zainduta», dio bateria-jotzaileak. Kezkatzen dituzten eguneroko gaiak dituzte oinarri abestietan, baita beren bizipenak ere. Herri zapaltzaileak kritikatzen dituzte, baita «komunikabideen manipulazioa» eta krisi ekonomikoaren aurrean agintariek hartzen dituzten erabakiak ere. Maitasun kontuek eta istoriek ere tartea dute taldearen errepertorioan, eta diskoko azken abestia galdu zuten lagun bati eskaini diote. Argitaratu duten iraupen laburreko diskoaren azala Diskoa bost eurotan eskura daiteke Zumaiako hainbat tokitan: Leize, Metro, Ganbara, Nikol, Ttakun eta Justa tabernetan, eta Torreberri gaztetxean. Zestoako tabernetan ere ale batzuk utzi dituzte. Era berean, Isekaren abestiak sarean entzun daitezke, Youtube atarian bilaketa eginez. Hain zuzen ere, Youtube-ra igotako abestiek berehalako erantzuna jaso zutela nabarmendu du Garciak. «Ez genuen espero horren harrera ona izango zutenik. Hiru astetan Zuregatik kantak, esaterako, 3.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituen». Sareko arrakasta kontzertuetan islatu da, gainera. «Zumaiako eta inguruko jendeari abestiak gustatu zaizkiola konturatu gara. San Pedro jaietan egin genuen diskoaren aurkezpen kontzertua, eta Amaia plaza bete egin genuen». Itziarko jaietan joko dute gaur, baina ez da izango udako aurreikusten dute kontzertu bakarra. Bestea abuztuan zehar ere zuzenean ikusteko aukera izango da; hilaren 26an Oikiako festetan izango dira, eta, era berean, formato akustikoa prestatzen ari dira, pare bat tabernatan jotzeko. Zarautzen eta Zestoan ere jotzekoak direla azaldu dute, baina data zehazteke dute oraindik. Iseka laukoteko kideak; ezkerretik hasita, Iosu Alberdi, Abel Armendariz, Julen Garcia eta Mikel Armendariz (Argazkia: Mikel Castellano) Irailetik aurrera... Kontzertuak iraila bitartean eskainiko dituzte. Izan ere, irailean unibertsitateko ikasketak hasiko dituzte, eta taldekide bakoitza toki ezberdin batera joango da. «Hori horrela, aurrerantzean zailagoa izango izango zaigu elkartzea. Horregatik, urtea amaitu baino lehen diskoan bildu nahi genuen gure orain arteko ibilbidea. Ez genituen galdu nahi egin ditugun abestiak». Zailtasunak zailtasun, taldearekin jarraitzeko borondatea du­te. Iseka musik taldeak ez du bere ibilbidea eteko inolako asmorik. «Bakoitzak bere ekarpenak egiten eta gauza berriak aterarzen jarraituko du dagoen tokitik. Ondoren, hilean behin edo elkartuko ginateke, edo ordenagailu bidez par­tekatuko genituzke ateratako gauzak. Isekarekin txikitako ametsa betetzen ari gara, eta ez dugu helmugarik jarri nahi. Gauden tokian gaudela gauzak sortzen joan nahi dugu», azaldu du bateria-jotzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide