Ostiraleko egitaraua:
- 10:00etatik aurrera. Baserriko produktuen azoka.
- Azokari hasiera emateko, txalapartariek erakustaldia emango dute.
- 10:30ean. Gera taldeak alboka eta dultzaina doinuak eskainiko ditu.
- Jarraian. Trikitxas bikotearen doinuak entzuteko aukera izango dute herritarrek.
- 11:00etan. Ipernupeko Joareak kalez kale ibiliko dira.
- 11:30ean. Upela izango da plaza parean.
- 12:00etan. Sanjuaniturri parean, balkoitik bakoira bertso saioa izango da. Amets Arzallus eta Unai Iturriaga jardungo dira bertsotan.
- 14:30ean. Herri bazkaria izango da. Sarrerak erosteko aukera dago Turismo Bulegoan.
- Bazkalostean. Joxe Mendizabalek euskal kantak abestuko ditu.
- 18:00etan. Plazan bertan Ostolaza eta Narbaizarekin erromeria izango da.
- 18:30ean. Kalejira izango da Kalean Txarangarekin.
- 19:00etan. Sagardo dastaketa egingo dute.
- 23:00etan. Kofradian erromeria izango da Bide Batez musika taldearekin.
Zumaiarrek atera dituzte euren baserritar jantziak armairutik, eta horiek lisatzen eta prestatzen hasiak dira dagoeneko. Izan ere, ostiralean egun osoan zehar euskal giroz jantziko da Zumaia, Euskal Jai egunaz gozatzeko. Goizetik hasi eta gauera arte, euskal giroan murgiltzeko hamaika ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte Zumaiako Udalak eta herriko kultur eragileek elkarlanean, adin guztietako herritarrentzat eta bisitarientzat. Ez dira faltako baserriko produktuen azoka, erromeria, edota sagardo dastaketa.
Dena primeran irten dadin antolatzaileek ostiralean zehar eguraldia lagun izatea espero dute. Azken egunetan erdipurdiko eguraldia egin badu ere, aste amaierarako hobetu egingo duela iragarri dute.
Euskal Jai bazkaria 8 eurotan
Aurten ere Euskal Jai eguneko protagonista izango da baserriko produktuen azoka. Bertan inguruetako baserritarrek eta baita beste lurraldeetako zenbaitek ere, eurek ekoiztutako produktuak saltzeko postuak jarriko dituzte. Elikagaiak, oihalak eta jantziak, artisautza lanak eta hamaika gauza ikusi eta erosi ahal izango da, gutiziz betetako azoka izango da inolaz ere.
Bestalde, urtero bezala Euskal Jaietako herri bazkaria egingo da aurten ere eta txartelak Turismo Bulegoan daude salgai ostirala bitartean. Herri bazkarian parte hartu nahi duten helduek 8 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, berriz, 5 euro. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, menu zaporetsua hurrengoa izango da: paella eta euskal pastela jango dute, eta edateko sagardoa edo ura izango dira.