Azkenaurreko afari berezia, Zumaian

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 30a

Luzaroan langabezian daramaten bi komikoren gorabehera ekarriko ditu Trapu Zaharrak antzerki taldeak bihar arratsaldean. Ametsetan bizi kale ikuskizuna aurkeztuko dute, 19:00etatik aurrera, Erribera kalean barrena. «Jada behea jota dabiltza bi aktore dira. Elkarrekin 20 urte daramate, eta jada aspertuta daude beren buruez. Noraezean dabiltza, eta euren artean ere ez dira jasaten. Azkenean, horrenbeste antzerki egin ondoren, herriz herri giza estatuaren egiten bukatu dute. Bizitzak horretara eraman ditu», azaldu du Mikel Laskurain aktoreak. Egungo krisi ekonomikoa eta, horren eraginez, antzerkiak bizi duen egoera delikatua kritikatzen dute aikuskizunean. Aldarriak aldarri, Ametsetan bizi antzezlan umoretsua da, ongi pasatzekoa eta barre egitekoa. Mikel Laskurain Txema izango da, eta guztia pikutara bidali nahiko du. Javi Barandiaran, berriz, Santi izango da, eta honek oraindik teatrora itzultzeko itxaropena du. Ika-mika ari direla, Txemak telebistan lan egiteko eskaintza jasoko du, baina Santik ez dio joaten utziko, zulotik aterako dituen proiektu erabakigarri bat duela esanez. «Antzerkia utzi eta Goenkale telesailean aritzeko deituko didate», dio Laskurainek. Bere garaian Felix pertsonaia antzeztu zuen Laskurainek Goenkale-n. «Txantxetan, nire ibilbideko garai hori gogora ekartzen dugu». Azkenean, bi aktoreek elkarrekin aurrera egitea erabakiko du­te, ikuskizun musikal batekin: Azkenaurreko Afaria opera rock garaikidearekin, hain zuzen ere. «Jesukristoren azken afariaren bezperan gertatu zena du oinarri proiektu berriak. Nola Jesusek esaten dion Judasi azken afarian salatu egin behar duela». Jesucristo Superstar ezagunaren parodia moduko bat? «Santiren buruan horrelako zeozer dabil». Kale antzerkiari ohore eginez, publikoa gonbidatuko dute haien ikuskizunean parte-hartzera. Saio bukaeran, gainera, familia-argazkia aterako dute, parte-hartzaile guztiekin. «Opera-rockaren kartel gisa erabiltzeko argazkia izango da. Azken finean, proiektu hori herritik egin nahi dute bi komiko hauek, kooperatiba bat osatuta», azaldu du aktoreak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide