Zirriborroen itzal luzea

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 24a

Ander Hormazuri artista zumaiarraren 'Biluzik' erakusketa ikusi ahal izango da gaurtik aurrera Zumaiako Alondegian (Aritz Mutiozabal/Hitza) Biluzik erakusketa zabalduko du gaur Ander Hormazurik, sorkuntzaren atzerako prozesua erakutsiz. 19:00etan irekiko dute, eta abuztuaren 15a bitartean egongo da zabalik. Sortze-prozesuaren azken emaitza erakutsi du orain arte Ander Hormazuri artista zumaiarrak. Gaur arratsaldean Zumaian, Alondegiko Oxford aretoan inauguratuko duen Biluzik erakusketan, aitzitik, kontrakoa erakutsi nahi izan du: atzerako prozesua, alegia. «Etxe­an zein tabernetan zirriborro mordoa egiten ditut, eta horietako askok karpeta baten barruan bukatzen dute. Kasu honetan, ordea, erakutsi egin di­tut, jendea konturatzeko koadro baten atzean zer-nolako lana dagoen», azaldu du Hormazurik. Azken bizpahiru urteetan egindako zirriborro andanarekin batera, 85 koadro jarri ditu aretoan. Horietako bi duela urte batzuk egindako margolanak dira, bi sailetakoak. «Bi horien ondoren etorri ziren zirriborro hau­ek guztiak, eta bere horretan utzi beharrean, gauzatu eta koadroetara bideratu ditut, hainbat formatotan». Tamaina txikiko koadroak di­ra, marrazki itxurakoak gehienak. «Azkar egindakoak dira, zirriborroen esentzia mantetze aldera». Koadernoetan egindako ideia ugari du bilduta artista zumaiarrak, eta erakusketa bera zirriborroekin soilik ere egin zezakeela aitortu du. Hala eta guztiz ere, «gorpuztu» nahi izan ditu, eta «beren txikitasunean» aurkeztu. «Askotan koadro handitan ezkutatzen dugu gure obra, baina  azken emaitzaren abiapuntua aurretiazko marrazki horiek izaten dira». Ondoren, zirriborro biluziak formato handiagoko artelan batean janzten dira, baina hori ez da izan Hormazuriren planteamendua. Horrexegatik, «erdibideko zerbait» ekarri du Alondegiko erakusketa aretora; izan ere, ez dira zirriborroak, ezta margolan handiak ere. Itzalekin jokatuz Margolan eta zirriborro guztietan gizaki ñimiño bat ageri da, egitura edo labirinto erraldoi baten barruan; eta gizaki horrek, bere bakardadean, itzal luze bat du lagun. «Ni­re aurreko lanetan ere itzal asko erabiltzen nuen, eta honetan ere ezaugarri hori mantendu dut. Itzalaren formekin jokatu dut». Zirriborro guztiak sinpleak eta oso antzekoak direla pentsa dezake ikusleak, eta hori jakin badaki artistak. «Nik, ordea, itzal-jokoek zenbat aukera ematen duten ikusten dut. Itzalak modu batera edo bestera jarriz gero, hainbat aldaera sor daitezke. Marrazki hauek guztiak hartuta, bost koadro egin eta erakusketan jarri nitzakeen. Baina nire helburua beste bat izan da: zer lan egiten dugun atzetik eta zenbat ideia agertzen diren erakustea».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide