Euskal Herriko zein Espainiako 100 aditu bilduko ditu; 2015ean 10 urte beteko dira Algorri zabaldu zutela. Deba, Mutriku eta Zumaia arteko Euskal Kostaldeko Geoparkeak Espainiako Ondare Geologikoaren XI. Kongresua hartuko du 2015ean. Hain zuzen, Zumaiako Alondegian egingo dute bilkura hiru urte barru. Besteak beste, ondare geologikoaren kudeaketarako geoparkeak etorkizunera begira dituen erronkak aztertuko dituzte bertan.
(Amaia Ventas/Hitza)
Urte horretan, gainera, Algorri Interpretazio Zentroa zabaldu zutela hamar urte beteko dira. «Algorri zentroaren irekiera mugarria izan zen gaur egun geoparkearen proiektu honen ibilbideari dagokionez», jakinarazi dute geoparketik. «Zalantzarik gabe, aukera bikaina izango da lehen hamarkada honetan lortutakoak baloratu eta neurtzeko». Ildo horretatik, eta kongresua aprobetxatuz, parte-hartzaileek kostaldea osorik bisitatzeko aukera izango dute, baita geokontserbazio eta dibulgazio mailan egin den lana bertatik bertara ezagutzekoa ere. Horrez gain, bestelako ekimenak ere egingo dituzte Espainiako Ondare Geologikoaren XI. Kongresuan.
Irteera ugari
Kongresu horrek Espainiako zein Euskal Herriko 100dik gora ondare geologikoan aditu bildu ohi ditu, eta bi urtetik behin antolatzen dute. Azkenengoa 2013an egin zuten Segovian, eta bertan Euskal Kostaldeko Geoparkea ordezkatzera joan zen Asier Hilario geologoak hurrengo bilkura Zumaian egin zedin eskatu zuen. Duela egun batzuk jaso du geoparkeak onespena.
Deba, Mutriku eta Zumaia arteko itsaslabar eta ingurune naturala ezagutzeko hainbat aukera dago. Astero ingurunea bisitatzeko irteerak antolatzen dituzte. Gaur, esaterako, Debaren eta Zumaiaren arteko
flysch gune ezagutzeko itsas-txangoa egin ahalko da. 11:30ean edota 12:45ean irtengo dira parte-hartzaileak kirol portutik, eta ordu eta erdi iraungo du bidaiak.
Bihar, berriz, euskal kostaldeko sakoneretan zetazeoak ikusteko aukera izango da, 09:00etatik aurrera. Egun osoko irteera izango da, txalupaz. Bestalde, aditu baten laguntzarekin Zumaiako ondare geologikoa nahiz bertako haitzetan arrastoa utzi duten gertakari planetarioak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta baita Algorri Interpretazio Zentroa bisitatuko dute ere. 10:00etan irtengo dira horiek Algorritik.
Jardueren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek www.geoparkea.com webgunea bisitatu dezakete edota 943-82 01 10 telefonora deitu.