Euskararen erabilera sustatzen jarraituko dute mankomunitateak eta kostako bost udalek

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 11

Gari Berasaluze eta Amaia Guruzeta, gaurko agerraldian. Amaia Ventas 2012ko uztailaren 4ean onartu zuten Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek hizkuntza politika orokorra, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta belaunez belaun euskararen egoeraren jarraipena egiteko helburuarekin. Hala, udal elkarteak zein bost udalek bere egin dute eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna, eta irizpide bertsuekin eta batera jardutea erabaki dute. Hala, hainbat ekimen bideratu dute elkarrekin eta urtebete pasata horien  balorazioa egin dute UKUEko lehendakari Amaia Guruzeta eta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek.

Horietako bat da Mintzalagun programa da. Duela bost urte abiatu zuten mankomunitateak eta bost udalerritako udalek, euskaldun berriak euskaldun zaharrekin bildu eta astero euskaraz aritzeko. Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta UKUEko euskara zerbitzuek  ere hartzen dute parte programa antolatu eta jarraitzen.  Guruzetak adierazi du egun Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hainbat herritarrek hartzen dutela parte eta une honetan programa "osasuntsu" dagoela: "Programaren bilakaera ona izan da eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakide izan genituen 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76 eta 2013ko ekainean 67. Urtero, batez beste, 64 pertsona eta 18 talde inguru izan dira". Aurten, gainera, aurrerapausoa eman dute: Hiketalagun programa sortu dute. "Mintzalagun taldeen metodologian oinarrituta,  euskaraz hika aritzeko ikastaroa eta mintzataldeak sortu eta egin ditugu". 16 lagunek hartu dute parte. Ildo horretatik, ekimen horien balorazio "oso positiboa" egin du UKUEko lehendakariak.

Bestalde, kontratu publikoetan hizkuntza baldintzak bermatzeko irizpideak zehaztu dituzte eta horren harira dekalogo bat osatu. Gai horren inguruan bi ekimen burutu direla gogoratu du Berasaluzek. Batetik, obra, zerbitzu edo hornidurak kontratatzeko klausula orokorrak zehaztu eta onartu dituzte sei erakundeek, kontratazio bakoitzean irizpide bertsuekin jarduteko. "Zurrunbilo" batekin amaitzeko asmoa dutela azaldu du Zarauzko Euskara zinegotziak: "Gaztelania hutsean funtzionatzera ohituta dauden enpresak euskaraz ere aritzeko beharra sentitu dute. Aurrerapausoa eman da".

Bestetik, udal elkartearen eta udalen hornitzaileei fakturak euskaraz bidaltzeko eskatzeko kanpaina abiatu zuten iaz. Horren balantze "gazi-gozoa" egin du: "Gozoa, zenbait alorretan aurrerapausoak eman direlako, baina gazia baita ere, oraindik askok bere horretan jarraitzen dutelako". "Etsigarria" dela gaineratu du eskatu arren zenbait enpresek "jarrera itxia" erakutsi dutelako, Iberdrolak, esaterako.

 Lehen urratsa soilik

Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetako enpresek ageriko elementuak euskaraz jartzeko zerbitzua 2012ko urrian abiatu zuten, "erdalduna zen paisaia euskaratzeko". Euskara brigadako hiru kidek bost udalerritako 1127 establezimendu—enpresak ez dituzte bisitatu— bisitatu dituzte ekaina bitartean, datuak jaso eta zerbitzuen katalogoa eskaintzeko. Horietatik 467 establezimenduk eskaeraren bat egin dute; gehienbat produktu  eta prezio txartelak eskatu dituzte. "Ageriko elementuak euskaratzeko ahalegin handia egin da azarotik uztailera bitartean; euskarriak eta laguntza eman zaie establezimenduei eta harrera ona izan da. Balorazioa ona da; izan ere, ageriko elementuetan euskararen erabilpenari bultzada handia eman zaio", dio Guruzetak. Hala ere, "egiteko asko" dagoela nabarmendu du: "Merkataritza arloa euskalduntzeko urrats bat baizik ez da hau, zerbitzua euskara eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko". "Aurrera begira zaila izango da halako programak martxan jartzea, aurrekontu arazoak medio. Hala ere, horretan lanean jarduteko konpromisoa hartu dugu", zehaztu du Berasaluzek.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide