Pablo Soraluze artista azpeitiarra, Zumaiako erakusketan. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Azken hamar urteetako sortze prozesuaren emaitza paratu du Pablo Soraluzek (Azpeitia, 1976) Zumaiako Oxford aretoan.
Isiltasunetik izenburua jarri dio, isiltasuna izan duelako oinarri. «Momentu jakin bakoitzeko bizipenak bere osotasunean bilatu nahi izan ditut. Gaur egun, oraina bizi beharrean, etorkizunera begira ari gara uneoro, eta arteak momentua beste begi batzuekin begiratzeko eskatzen dizu. Zentzumen guztiekin estimatzea eta hausnartzea, alegia». Barne isiltasuna lortzen saiatu da bere baitan, eta sentipen bera bilatu nahi du ikuslearengan. Alde horretatik, Asiako arte tradizioarekin eta filosofiarekin bat egin du.
Erakusketarekin, bide batez, artista azpeitiarrak omenaldi xume bat egin dio Azpeitiko eta Zumaiako apaiz Aitor Emazabel zenari. «Isiltasunetik mugitzen zen pertsona bat zen. Ez zen nabarmentzen diren horietakoa, baizik eta bere xalotasunean aritzen zen. Erakusketaren izenburua haren omenez dator».
Sekuentziazioa
Isiltasunetik abiatuta, Soraluzek
flysch-ak izan ditu inspirazio iturri, estetikoki zein kontzeptualki, bere artelanetan. «Denboraren sekuentziazioa edo metataketaren inguruko hausnarketa da, era berean». Hori azaltzeko, errepikapenarekin jokatu du. «Errepikapenak badirudi berdina esan nahi duela. Hala ere, Txillidak esaten zuen bezala, itsasoa beti berdina da, baina ñabardura ezberdinekin. Ildo horretatik doa nire lana». Errepikapen edo sekuntziazio hori itsaslabarretan topatu daiteke; hau da, geruza pilaketetan. Dena dela, «bisualki ez du kopia bat izan nahi».
Zazpi artelan jarri ditu —egurrezko bost taula eta bi argazki handi—, eta instalazio bat osatu du. «Lanak harremanduta daude elkarrekin. Ez dira autonomoak. Argazkiak bere parean jarri dudan egurreko lanaren anpliazioak dira, esaterako; materiaren xehetasunak eta espazioa erakutsi nahi ditut irudi horiekin». Egurrezko taulak mahai bezala, bertikalki eta hormaren kontra jarri ditu erakusketan.
Egurra entzuten
Lan egiteko orduan, egurra ahalik eta gutxien manipulatzen ahalegintzen da. «Materialak esaten duena entzuten saiatzen naiz, hura esku-hartzen baino. Azkenean, moztu eta itsatsi egiten ditut egur zatiak, baina itsasterakoan koloreak, erritmoa eta formak erakusten didana jarraitzen dut, haiengan arreta jarrita».
Jende aurrean aurkeztu duen estreinako erakusketa du honakoa. «Denbora asko daramaten lanak dira. Gainera, nire helburua ez da bakarrik bukaerako emaitza, baizik sortze prozesua interesatzen zait». Pare bat urtez geldirik egon da, eta aurten hartu dio berriz ere prozesuari. «Emazteak erakusketako bi argazki horiek oparitu zizkidan, eta bultzada bat izan da proiektua aurrera atera eta jendeari erakusteko».