Itzurungo Uhinak taldearen azken lanak zahartzaroa du aztergai

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 3a

Itzurungo Uhinak antzerki taldea osatzen duten zortzi aktoreak. (Argazkia: Imanol Manterola) ‘Zaharrak berri’ antzezlana estreinatuko dute ostiral honetan, 22:00etan, Aita Mari antzokian. Duela hiru urte sekulako arrakasta lortu zuen Itzurungo Uhinak herriko adinekoen antzerki taldeak, Zer diyon? antzezlanarekin. Emanaldi bakarra iragarri zuten, baina bizilagun asko sarrerarik gabe geratu zenez, bigarren saio bat eskaini zuten. Orain, Zaharrak berri izeneko lan berriarekin itzuliko dira oholtza gainera, Inaxio Tolosaren gidaritzapean. Estreinaldia ostiral honetan izango da, Aita Mari antzokian, 22:00­etatik aurrera. Esamolde ezaguna erabili dute ikuskizun berria izenpetzeko. Gainera, zahar eta berri hitzekin halako joko bat egiten dute; hau da, adinekoek proposamen berria dakartela adierazi nahian. Izenburuaren atzean zahartzaroaren gaia dagoela aurreratu du Tolosak. «Aurreko lana –Zer diyon?– taldeko aktoreen bizitzan oinarritutako dokumento bat izan zen: frankismoa, hezkuntza, bizimodua... Oraingo honetan, etorkizuna du­gu  hizpide. Eta etorkizuna zer da? Zahartzea». Gaia puri-purian Zahartzaroa puri-purian dagoen gaia izanagatik, oraindik asko sakondu beharrekoa dela iritzi dio antzelaneko zuzendariak. «Gero eta film gehiagok jorratzen du zahartzaroa. Guk beste ekarpen bat egin nahi izan diogu: zer zahartzaro mota nahi dugu? Zer pentsatzen dugu zahartzaroaz? Hausnarketa bat da, baina umore giroan». Gaia serioa bezain sakona da, baina Zaharrak berri komedia bat da eta jendeak barre egin dezan bilatzen du. «Gauzak berdin-berdin esan daitezke umorearekin ere». Argumentu berezia du, gainera. Istorioa zaharren egoitzako bigarren solairu batean gertatuko da. «Karta jokoan jokatzeko edo gurutze-puntua egiteko eremu horretan», zehaztu du Tolosak. Solairu horretan daudenen elkarrizketetatik abiatuko dira, zaharren betiko topikoak taularatuz. «Momentu batean, pertsonaietako batek solasaldia etengo du, Doña Rogelia moduko zaharrak jada desagertu direla esanez». Hortik aurrera, zahartzaro «fosila» baztertu eta zahartzaro «martxoso» bati heltzen diote. «Komedia arrosan erortzen dira, ligatze kontuekin. Baina momentu hori ere eten egingo du beste pertsonaia batek». Nolabait ere, zahartzaro modernoa baten bila hasiko dira, etorkizunak benetan nolako izan behar duen eztabaidatzen. Azken unera arte Joan den urrian hasi ziren antzezlan berriarekin lanean poliki-poliki. «Sorkuntza prozesu bat denez, hutsetik abiatu behar izaten da. Horregatik, hasieran elkarrekin hitz egiten aritu ginen, baita inprobisazioak egiten ere, zenbait gai ukituz eta bakoitzak zer eman zezakeen aztertuz», dio Tolosak. Gidoia otsailetik aurrera hasi ziren idazte, eta joan den astean bukatu zuten behin betikoz.  «Testu batzuk duela lau hilabetetik zehaztuta geneuzkan, baina beste batzuk oraintxe erabaki ditugu». Antzezlana azken unera arte zaindu eta zorroztu dute, beraz. Nolanahi ere, ez da perfekzioa lortzeko ahalegina izan.  Hala nola, «koherentea den zerbait egiten saiatu gara, eta, askotan, biribiltzea ez da batere erraza izaten». Taldekide guztien artean idatzitako, berridatzitako eta gainbegiratutako lana da Zaharrak berri. Guztiek izan dute parte-hartzea eta ardura, azken finean. Zumaian eta inguruan jende dezente erakarri ohi du Itzurungo Uhinak taldeak, eta ostiralean ere antzokia betetzea espero dute. Eta ondoren zer? «Gugatik balitz, gehiago mugituko genuke, baina gaur egun arazo asko daude eta ez da batere erraza. Dena dela, Zumaiako emanaldiaz gain, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango gara, eta Zarautzen ere taularatzekoak gara». Gizonezko aktore bat, Itzurungo Uhinak antzerki taldearen berrikuntza   Duela hiru urte Zer diyon? antzezlana taularatu zuten aktore guztiak emakumezkoak izan ziren. Itzurungo Uhinak zazpi emakumek osatzen zuten, zehatz-mehatz: Itziar Odriozola, Nekane Soraluze, Luisa Mari Aristondo, Aran Ostolaza, Ixabel Dorronsoro, Loli Aramendi eta Mari Karmen Etxabe.  Oraingoan ere lantalde bera aritu da Zaharrak berri lana prestatzen. Kasu honetan, ordea, gizonezko bat gehitu zaie zazpi emakumeei: Peio Azkue. «Ingurukoa da. Beti izan da antzerkizalea, eta antzerki ikastarora etortzen hasi zen. Batak bestea ekarri zuen, eta bete-betean murgildu zen antzerki taldean», azaldu du Inaxio Tolosak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide