Joaquin Almunia Europako Lehia Komisarioaren eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroaren dimisioak eskatu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiako ontziolen batzordeek. Gaur goizean hedabideen aurreko agerraldia egin dute elkarrekin, Sestaon (Bizkaia). Tartean dago Zumaiako Balenciaga ontziola. Horrekin batera, mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute. Egoera horren aurrean Eusko Jaurlaritzaren "pasibitatea" salatu dute batzordekideek, eta botere politiko, instituzional, autonomiko eta auziarekin zerikusia duten entitateei berehala ados jartzeko galdegin diete, Europako Batasunari presioa egin eta horrek ontziolen aldeko epaia positiboa eman dezan.
Irudian, Sestaoko ontziola. Han egin dute agerraldia euskal ontzioletako ordezkariek.
2005 eta 2011 bitartean ontziolek jasotako laguntzak,
tax lease sistema bidez emandakoak, legez kanpokoak zirela esan zuen Almuniak atzo Foro Nueva Economian, eta ondorioz 2.800 milioi euro inguru itzuli egin beharko dutela. Inbertsore handiek zein ontzijabeek ordaindu beharko dutela gaineratu zuen. Ondorioz, ontziolen biziraupena "arriskuan" dagoela jakinarazi dute Naval, Pasaia, Zamakona, Murueta eta Balenciaga ontzioletako ordezkariek gaurko agerraldian: "Horrek itsasontzigintzaren beheralako heriotza ekarriko du". "Milaka lanpostu" sortzen dituen sektorea dela ohartarazi dute, eta Espainiako Gobernuari eta diputazioei "diru ekarpen handia" egiten diela: "Sektore hori desagertuz gero, hainbat eskualdetako egoera are okerragoa izango litzateke". Hori dela eta, itsasogintza defendatzen jarraituko dutela nabarmendu dute: "Ezin dugu lanpostu gehiago gal daitezen utzi".
Uztailaren 17an emango du Europako Batzordeak behin betiko erabakiaren berri.
Informazio osoa hemen Berria.info webgunean irakur daiteke.