Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oriotarrak hirugarren postuan sailkatu ziren igandeko estropadan, Basque Country Bandera irabazi duen Urdaibaiko traineruarengandik 12 segundo eskasera. «Oso gustura gaude egindako lanarekin, lehen estropada honetan gainontzekoekin alderatuz zein mailatan gauden ikustea baitzen gure asmoa. Ohorezko txandan sailkatzea lortu dugu eta lehen postuetan lehian jarraitzea da gure helburua».
Zumaiarrak, bestalde, 11. postuan sailkatu ziren Bartzelonako norgehiagokan. Zumaiako Arraun Elkartetik azaldu dutenez, «gure lehen helburua bete dugu, talde bat atzean uztea, alegia». Hemendik aurrera, 10. postuan sailkatu den Pedreñari aurrea hartzea izango da zumaiarren asmoa.
Ligaren hasiera "ezustekorik gabe"
Orioko lehendakari Ibon Huegunen iritziz, TKE Ligako lehen estropadan ez da ezustekorik izan sailkapenari dagokionez; «iazko eskema antzekoa» mantendu dela nabarmentzekoa iruditzen zaio. «Urdaibai, Kaiku eta Hondarribia ibili ziren iaz punta-puntan eta San Pedrok ere gertutik jarraitu zien. Aurtengoan ere joera hori mantendu da lehen estropadan. Aldaketa bakarra Orioko trainerua hirugarren postuan sailkatu izana da. Ea aurrerantzean ere lehen postuetako norgehiagokan mantentzea lortzen dugun eta denboraldi polita egiten dugun».
Sailkapenaren erdialdean ere iazko joerak mantendu ziren joan den igandeko estropadan. Zumaiako Arraun Elkartetik adierazi dutenez, sei traineru 12 segundotan helmugaratu izanak, denboraldian zehar «lehia estua» egon daitekeela adierazten du. «Hirugarren postutik zortzigarren postura bitartean traineruen arteko aldeak oso txikiak izan dira, eta lehia estua izango dela adierazi nahi du horrek», esan dute.