Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Hondakinen Mahaiak pasa den asteartean jakinarazi zuen hori osatzen duten aldeak akordio batera iritsi direla eta txipdun edukiontzien bidezko gaikako bilketa abiatzea adostu dutela. Zumaiako Bilduk albistea «pozgarria eta elkar zoriontzeko modukoa» dela uste du; «alde batetik, lehia politikoa alde batera utzi eta desberdinen arteko adostasuna lortu delako. Eta bestetik, sistema integral eta kontrolatuaren helburua hondakinen %80a gaika biltzea delako».
Zumaiar guztiak «irabazle»
Zumaiako Bilduk uste du akordioarekin «zumaiar guztiek irabazi» dutela. Gainera, prozesuan zehar Zumaiako Zero Zabor taldeak eta Zumaiako Natur Taldeak adostasunak lortzeko egin duten ahalegina azpimarratu du Bilduk. Horretaz gain, EAJk izan duen jarrera aldaketa ere nabarmendu du. «Duela urte gutxi hondakinen %60a erraustearen alde egin zutenek egun %80a berezita jasotzeko helburuarekin bat egitea, sistemak integrala eta kontrolatua izan behar duela onartuz» aurrera pausu garrantzitsua duela uste dute.
Azkenik Zumaiako Udalak hilabetete hauetan izan duen jarrera txalotu dute, «probokazioetan erori gabe, diskrezioz emaitzak hobetzeko teknikoki beharrezkoak ziren lanak egiten jarraitu baitu hilabete hauetan».