Agirre eta Lizeaga aktoreak
Azken funtzioa dute. Bi hamarkada elkarrekin egin dituzte, hango eta hemengo agertokietan antzezten, eta orain agurra ematera datoz. Hori du abiapuntu Tanttaka antzerki taldearen
Bejondaigula! antzezlanak, eta hori antzeztuko du Ramon Agirre (Donostia, 1954) aktore beteranoak, Niko Lizeaga lagun duela. Azken emanaldi hori gaur gauean izango da, 22:00etatik aurrera, Zumaiako Aita Mari aretoan.
Elkarrekin 20 urte daramaten bi aktore zarete taula gainean. Bikote sentimental baten antzeko zerbait al zarete?
Ez, lagun minak gara. Urte ugari daramagu elkarrekin lanean, taula gaina partekatzen, eta lankideak ez ezik, lagun minak gara.
Antzezlaneko pertsonaiek zerikusirik ba al dute zuokin, aktoreokin?
Antza pixka bat badu, bai. Antzezlan hau, jatorriz, bi aktore valentziarrek egiten dute, eta beren esperientzian oinarritutako istorio bat da. Aktore horiek Niko eta bion adin tankerakoak dira, gutxi gorabehera. Aldeak alde, badu zerikusi pixka bat ere guk bizi izandako kontuekin.
Beraz, zuek haien testua hartu duzue mailegu bezala.
Hori da. Valentzian sortutako ekoizpen bat da, eta guk euskaratu egin dugu, baita gurera egokitu ere. Haiek beren pasadizoez eta hango egoerez hitz egiten dute. Hori horrela, gauza batzuk moldatu eta Euskal Herrira ekarri behar izan ditugu. Edonola ere, lan egoerari buruz, krisiari buruz eta gaur egungo egoerari buruz egiten diren hausnarketak guretzat ere balio dute.
Zure aurreko antzezlana Xentimorik gabe izan zen, eta hor ere bikote artistikoa antzezten zenuen Inaxio Tolosarekin. Zertan dira ezberdinak?
Egitura aldetik eta estilo aldetik ez dute zerikusirik. Oso diferenteak dira.
Bejondaigula!-k bi zati ditu, nolabait esateko. Lehen zatian, bi aktore prestatzen ari dira emankizun bat egiteko kamerinoan. Emanaldi berezia da, ofizioa uztera doazelako, eta denetariko gaiez ariko dira solasean: gure ofizioari buruz, bizitzari buruz, heriotzari buruz... Betiere, umorez zipriztinduta. Izan ere, aktore hauek komedia lantzen dute, eta gauza guztiei buelta emateko gaitasuna dute. Alde horretatik, oso naturala da, eta ez du zerikusirik
Xentimorik gabe lanarekin. Hura askoz ere absurdoagoa da. Bigarren zatian, berriz, agertokira igotzen dira, eta show moduko bat egiten dute.
Aktoreak ere gizakiak dira eta gizaki oro bezala, beren gorabeherak dituzte. Baina taula gainera igotzerakoan aurpegi ona jarri behar dute. Hortik al doa pixka bat?
Hortik ere badoa, bai. Dena dela, gai hori zalantzan jartzen dute antzezlaneko protagonistek. Oro har, gure ofizioaren esanahiari eta mamiari buruzko eztabaida egiten dute, aldeko eta kontrako posturak aurkeztuz. Eta horretaz ere hitz egiten da; hau da, zein den gure eginkizuna, zerbaitetarako balio ote duen antzerkiak ala ez... Guk, aktoreok, etengabe bueltaka dabilzkigun gaiak dira, azken finean.
Hori guztia, ordea, komedia giroan kontatezn duzue. Umorea jarri behar al zaio bizitzari?
Bi pertsonaia hauek, behintzat, ados egongo lirateke horretan. Gaia edozein izanda ere umorearen bitartez errazagoa da ikuslearen zirrikituetara iristea. Ikuslea desarmatu egin behar da, ondoren zuk azaldu nahi duzuna kontatzeko. Umoreak asko balio du ikuslea lasaitzeko eta gustura sentitzeko, eta, bide batez, zure esparrura eramateko. Horri buruz, antzezlaneko bi aktoreak ados jarriko lirateke; gainerako gaien inguruan, beharbada, ez.
Antzezlaneko sinopsiak honakoa dio: «Fikzioak soilik eman ahalko die (bi protagonistei) bizitzak ukatzen dien guztia».
Beno, hori ere badute aktoreek. Alegia, taula gainean sentitzen duten boterea, eta botere hori nola erabili. Sinopsian badirudi oso obra serioa dela, drama bat. Agian, ez dugu oso ongi asmatu eskuorrian plasmatzen, baina
Bejondaigula! komedia da. Antzezlanaren egilea Carles Alberola da, eta jatorrizko bertsioa Valentziako bikote komiko batek antzezten du. Beraz, haiek ez dute komedia bat dela esan beharrik. Gure kasuan, aldiz, kartela ikusita ere, ez dakizu zer antzeztuko dugun. Dena dela, argi utzi behar da komedi dramatikoa dela, baina komedia, funtsean.
Beraz, elkar zirikatzen ariko dira bi pertsonaiak antzezlan osoan. Zure pertsonaia nolakoa da?
Nire pertsonaia pixka bat ezkorra da. Kasu honetan, erretxin hutsa da antzezten dudan papera, beti kexaka baitabil. Bestea, aldiz, baikorra da, eta dena begi onez ikusten dugu. Hala eta guztiz ere, Bizitzan ere ondoen doakion jendea ez da izaten askotan baikorrena. Antzezlana aurrera doan heinean ikusiko da bietako nork dituen benetako arazoak. Bien bitartean, bi ikuspegi horiekin jokatzen dugu: berak edalontzia erdi beteta ikusten du, eta nik erdi hutsik.
Eta bietako nork egingo du men?
Nikoren pertsonaiak konbentzitu egingo nau azkenean; hau da, bere tesia gailenduko da. Nolabait ere, 20 urte hauetan taxuzko zerbait egin dugula konturatuko gara. Hortik dator
Bejondaigula! izenburua.