Iñake Irastorza: «Hotzikara batek ukitu ninduen papera proposatu zidatenean»

Aritz Mutiozabal 2013ko api. 26a, 12:59

(Argazkia: Ados Teatroa) Juan Jose Campanellaren El hijo de la novia filmak azentu argentinarra galdu, eta euskaraz ekin dio antzokiz antzoki, Ados Teatroaren eskutik, Emaztegaiaren semea bezala. Aktore taldean, Kandido Uranga zumaiarrarekin batera, Iñake Irastorza (Orio, 1955) dabil. Telebistako atso izateari utzi, eta antzelaneko emaztegaia izango da gaur, Aita Mari aretoan. Maikarmen telebistan eta Norma antzoki gainean. Ez dauka zerikusirik batak bestearekin. Lanari aurre egiteko garaian ezberdinak dira, baita emaitzetan ere. Istorioak eurak ere bestelakoak dira, eta puntu ezberdinetatik heldu behar zaie adarretatik. Kasu honetan, emaztegaia zu zeu zara, alzheimerrak jota dagoen ama. Erronka zaila izan al da paper hau prestatzea? Pozik nago orain, baina jakin badakit zaila izan dela. Proposatu zidatenean, pertsonaia horretarako nigan pentsatu zutela esan zidatenean, ilusio ikaragarria egin zidan. Segundo batera, ordea, hotzikara moduko batek ukitu ninduen. Ez dago hitzik... Filma izugarria da, eta bertan parte hartu zuten aktoreak oso ongi daude. Eta Norma Aleandro, Norma pertsonaia antzezten duen aktorea, primeran dago. Asko miresten dudan aktorea da. Hori guztia gainera etorri zitzaidan, baina, azken finean, hori da erronka, eta horrekin jokatu behar da. Normaren papera zure egin al duzu? Imitatzera joatea tontakeria hutsa da, eta ez zait batere gustatzen lan honetan, ezta inon ere. Gainera, imitaziorako oso ahalmen kaskarrak ditut, eta ez dut atsegin hortik jotzea. Beraz, Normaren papera nire egin dut, baina nire erara. Nik antzeztu behar nuenez, nirea egin behar nuen pertsonaia, eta beste mutur batekin heldu behar nion hariari. Hori argi eta garbi neukan. Arrisku handia zuten erabaki batzuk hartu nituen, baina entseguetan hori lantzen joan naiz, eta oso bide onetik joan dela iruditzen zait. Baina ez nirea bakarrik, baizik eta gainerako taldekide guztien lana. Orokorrean, oso pozik gaude. Filmak sekulako oihartzuna izateaz gain, sari ugari lortu zituen. Horrek jendea antzokira erakartzen lagunduko du, batetik, baina jatorrizko lanarekin konparatzeko arriskua ere izan dezake, bestetik. Antzezlanaren beste erronka ho­ri da. Jendea filma buruan duela joango da antzerkira, eta segituan hasiko dira konparazioak. Nire baitan gogoetak egiten ari nintzela, pentsatu nuen ederra izango zela jendea filma buruan duela antzokira sartzea, eta hamar minutu pasatzerakoan filmaz ahaztu eta kontatzen ari garen istorioan barneratzea. Horregatik gaude pozik, erreakzio hori lortu dugula uste dugulako. Kontakizuna teatroaren parametroetara eraman duzue. Campanella zuzendariaren egitura errespetatu duzue ala aldaketa nabariak daude? Izugarri errespetatu da jatorrizko lanaren egitura, baina hori, azken finean, antzerkira ekarri behar zen. Egokitzapena Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak egin dute, bien artean. Hauek asko ezagutzen dute Campanella, eta harekin asko egon dira. Oso lan ona egin dute, benetan. Tragikomedia izaten jarraitzen du? Bai, zalantzarik gabe. Bizitzak dituen gorabehera horiek islatzen ditu. Bizitza ez da drama bakarrik edo komedia bakarrik. Lan honek  bertute handi bat baldin badu, dramaren eta komediaren arteko nahasketa da. Horren ongi idatzita eta doituta dago, izugarrizko oreka lortzen duela. Emaitza onak lortzen ari zarete antzezlanarekin, baina baita telebistan ere Kontuz atsuak saioarekin. Wazemank saioko pertsonaiei buelta bat eman zitzaien, eta, orain, erreportari izatea tokatu zaie. Hor aritu gara gora eta behera jendearekin, eta horrek ere izan du bere erronka. Jendearekin zuzenean aritzeak bat-batekotasuna eskatzen dizu, nahiz eta gidoi bat egon atzean. Kalean inprobisazio lan handia dago. Zein gal­dera egingo duzun badakizu, baina ez dakizu erantzunak nondik nora eramango zaituen. Eta hori ere polita izan da, nahiz eta beldur pixka bat ematen zidan hasiera batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide