«Txartel bidezko sistema aztertuko dugu. Oraingoz ez dugu atez atekoa baztertu»

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 26a

Zumaiako Zero Zabor taldeak mahai gainean jarritako proposamenak hainbat gabezia du, bai aurrekontu aldetik, baita teknikoki ere. Hori dela eta, gaia jorratu eta garatu behar dugula adostu dugu Hondakinen Mahaian bildutakook», nabarmendu du Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak. Asteartean bildu zen mahaia, eta Zero Zaborreko kideek orain arte aipatu gabeko sistema bat jarri zuten mahai gainean: txartel elektroniko bidezko edukiontzien sistema, hain zuzen. «Zertan oinarritzen den aztertu beharra dago orain», dio Iñaki Agirrezabalagak. Txip elektronikodun zaborrontziak Beasainen. (Goierriko Hitza) Bertan bildutako gainontzekoek—Bildu, Aralar, EAJ eta PSE udal taldeetako ordezkariak eta Zumaiako Natur taldeko eta Birziklapena bai, atez atekorik ez plataforma herrikoiko kideak—  begi onez ikusi zuten proposamena. Mahaikideak bide horretatik jarraitzeko ados agertu ziren alkatearen arabera; «gertuago» daude orain. Ez da ezer erabakigarria, ordea. «Ez genuen esan atez ateko sistema baztertuko genuenik. Beste sistema bat jarri genuen mahai gainean, aztertzeko. Orain arte aipatu ez zen aukera bat da, besterik ez». Zehazteke duten arren, printzipioz datorren ostegunean, maiatzaren 2an bilduko da berriz ere Hondakinen Mahaia. «Sistema hori Zumaian bideragarria izango litzateken ala ez ikusi behar dugu; posible baldin bada, aurrera nola egin eztabaidatu...». Horretarako, Dorlet enpresarekin harremanetan jarri da Zumaiako Udala, alderdi teknikoaz dituzten zalantzak argitze aldera. «Ostegunerako etorri ahalko luketen negoziatzen ari gara orain», gaineratu du alkateak. Zintzilikariorik ez Zero Zabor taldeko Mendigaña Gorostiagak Baleike aldizkariari argitu dizkio proposatu berri duten sistemaren nondik norakoak. Haren arabera, irekitze sistema pertsonalizatua izango lukete edukiontziek: «Erabiltzaile bakoitzak txartel elektroniko pertsonalizatua dauka, eta edukiontzia zabaltzen duenean erregistratuta gelditzen da nork zabaldu duen eta zein ordutan. Gainera, sistemak aukera ematen du irekitzeko baimena kontrolatzeko: nork ireki dezakeen, zein egunetan, zein ordutan… Beraz, joko handia ematen du kontrol neurriak ezartzeko». Erabiltzaile bakoitzak kode-barra pertsonalizatua duten poltsak erabiliko ditu, arazoren bat egonez gero edota hondakinak gaizki sailkatuz gero, erabiltzailea identifikatu ahal izateko. Poltsa horiek eskuratzeko makinak ere jarriko lirateke (txartelaren bitartez eskuratzeko moduan). Oinarrian, kontrolerako aukera ematen duten edukiontziak direla gaineratu du, eta erabaki beharko litzatekeela edukiontzi guztiek behar ote duten horrelako sistema. Egun inon ez dago sistema hau bere osotasunean jarrita; Lazkaon eta Itsasondon, esaterako, edukiontzi jakin batzuetarako soilik baliatu dute teknologia hori. Zero Zaborrek sistema osoak txartel elektroniko bidez funtzionatzea proposatu du, gailuak edukiontzi guztietan jarriz. Hala, alde batek eta besteak jarritako baldintzak beteko lirateke: batetik, ordutegi mugak dituen zintzilikario bidezko sistema ekidin, eta bestetik , %80 edo gehiagoko birziklatze tasa lortzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide