Erakusketako lan bat (Aritz Mutiozabal/Hitza)
T xo! kolektiboak Zumaian erakusten duen lehenengo aldia da honakoa. Erakusketa berria da, bakarra, aurretik beste inon ikusi ez dena. Toki bakoitzean artista ezberdinek parte hartzen dutenez –eta bakoitzak nahi duena erakusten duenez– , izenburu berri bat hartzen du ekimenak; betiere, «txo» terminoa itsatsita:
Txorradak, Txollos, Txokos, Atxoak... Zumaiako Oxford aretorako Mutxos erabili dute, kolektiboaren orain arteko erakusketarik jendetsuena delako. Guztira, 19 artisten lanak daude ikusgai, eta horien artean Zumaiako bi bizilagunena: Olatz Goiburu eta Jon Mikel San Millan legazpiarrena, alegia. Erakusketan. Joan den ostiralean inauguratu zuten, eta maiatzaren 5era arte bisitatu ahal izango da.
‘Ama!’ eta ‘Ilusiones’
Goiburuk eta San Millanek lan bana paratu dute Alondegian. Lehenak
Ama! izeneko margolana zintzilikatu du. «Nire artelangintza emakumearen gaiaren inguruan mugitzen da. Margolan abstraktu samarrak diren arren, beti dute ukitu figuratiboa». Kasu honetan, emakumearen uteroa irudikatu du, eta haren barruan Barbie panpina bizkarrez, «ama!» oihukatzen. «Norbaiti deitzeko baino gehiago barrua askatzeko». Margolan iluna da, Goibururen lan gehientsuenen antzera. «Baikorra denik ezin daiteke esan, baina ez dut uste ezkorra denik ere».
Olatz Goiburu, lehen planoan, Ama! margolanaren aurrean; atzean, berriz, Jon Mikel San Millan (Aritz Mutiozabal/Hitza)
San Millanek eskultura lantzen du, nahiz eta azkenaldian nahiko geldo dabilen sormen kontuetan. Arte Ederrak ikasi bitartean, eskultura lantzeko espazioa eta bitartekoak izan zituen. «Behin ikasketak amaituta, ezin izan dut aurrera eraman». Horrenbestez, unibertsitate garaiko artelan bat aurkeztu du,
Ilusiones izenburupean. «Eskulturaren materialtasuna da gaia», nabarmendu du: «Bi pieza dira, bata bestearen gainean jarrita; hau da, keramikazko liburuaren gainean eg
ur zati bat. Liburu baten ilusio islatu nahi du. Ilusio baten barruko ilusioa, hain justu ere».
Goiburuk 18 urte daramatza Zumaian. San Millan, berriz, duela bi urte etorri zen herrira, lan kontuak medio. Biek bertan topatu dute beren sorkuntzarako tokia. Goiburuk San Telmo kalean du estudioa: «Orain arte ez dut estudiorik eduki. Aurten estreinatu dut, eta pozez zoratzen nago. Orain arte etxean egiten nituen lanak, etxeko egongela niretzat hartuta. Tamaina handiko lanak, ordea, nekez egin nitzaken. Hemendik aurrera, estudioarekin, nire sortze-lana areagotu egingo dela pentsatzen dut». Aurrerantzean ere emakumearen gaiarekin jarraitzeko asmoa du, baina estetik aldetik «anarkikoa» denez, ez du uste ildo bera errepikatuko duenik. «Teknika nahiko nahasiak erabiltzen ditut. Gainera, material birziklatuak erabiltzen saiatzen naiz».
San Millanek ez du artelanak ekoiztekok espazio propiorik. «Alde horretatik, nahiko gaizki nabil». Eskultura pixka bat laga, eta beste arte-diziplina batzuk jorratu nahiko lituzkela azaldu du. Marrazketari eta argazkilaritzari garrantzi gehiago eman nahi dio. «Arte munduan gabiltzan jendea ez gara arlo bakar batera mugatzen, eta hori oso aberatsa da. Beraz, muga horiek gainditu nahiko nituzke».
Mutxos erakusketa antolatu du Txo! kolektiboak, Oxford aretoan (Aritz Mutiozaba/Hitza)l
23 urteko ibilbidea
Txo! kolektikoak 23 urte bete zituen urte amaieran. Kultur eta arte arloko diziplina ezberdinak ikertze aldera, Carlos Ausserladscheider eta Gorka Salmeron artistek sortu zuten. Olatz Goiburu izan zen taldean barneratzen hirugarrena, 1991n. Hainbat erakusketa egin ondoren, 1994tik 2009a bitartean lozorroan geratu zen ekimena. Edonola ere, duela hiru urte berriro ekin zioten bideari. Bigarren sasoi horretan barneratu zen Jon Mikel San Millan.
«Artistak biltzea, mugitzea eta elkarren artean ekitea da kolektiboaren xedea», zehaztu du Goiburuak. «Azken finean, artisten bilgunea da. Arteak elkartzen gaitu». Oro har, euskal artistak dira kolektiboko partaideak, baina salbuespenik ere bada: Bartzelonan bizi den Nori Ushijima japoniarra, alegia. Sortzaile honen lau margolan daude ikusgai Zumaiako erakusketan. Era berean, Aitor Ruiz de Egino, Olga Izquierdo, Alain Sistiaga, Patxi Laskarai... eta Ausserladscheider eta Salmeron eragileen lana bildu dituzte
Mutxos-en.
«Ilusioa egiten dit gure Txo! kolektiboa ezagutzera ematea Zumaian», dio Goiburuk. Maila handiko artisten lanak daude erakusgi, eta hori nabarmentzekoa dela iruditzen zaio San Millani: «Askotan horretako erakusketak hiriburutan gehiago antolatzen dira. Beraz, halako zerbait Zumaian ikusi ahal izatea aukera polita dela uste dugu».