(Aiora Larrañaga/Hitza)
[Aiora Larrañaga] Luis Mari Osa
Luixo (Zumaia, 1967) Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakari izendatu dute. Hamarkadetan postu hori Luis Mari Goikoetxea
Goiko-k bete du, eta hari hartu dio lekukoa. Elkartearen etorkizuneko erronkez aritu da UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Zumaiako Arraun Elkartearen zuzendari kargua hartu berri duzu. Gogoz hartu al duzu?
Oso gustura nago, baina argi utzi nahi nuke lehendakaria ni banaiz ere, guk hasieratik talde proiektu bat aurkeztu dugula. Taldean hartuko ditugu erabaki guztiak, eta nire iritziak eta zuzendaritza taldeko gainontzekoenak balio bera izango du. Talde bat gara, baina bat jarri behar genuen lehendakari, eta niri egokitu zait.
Lehendik ere arraun munduan ibilia al zara?
Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakaritzara aurkeztu garen lagun gehienok aurreko bi urteetan zuzendaritza batzordean lan egindakoak gara. Ondo ezagutzen dugu elkartea. Azken bi urteetan egin dugun lanaren jarraipena izango da aurrerantzean egingo duguna. Elkartea egoera larrian zegoenean sartu ginen zuzendaritza taldera. Egoera gogor hari buelta ematen ari gara, eta gure lanak emaitza onak eman dituela ikusita, datozen urteei begira proiektua aurkeztea erabaki genuen.
Goiko urte askotan izan da elkarteko lehendakaria. Asko izango duzue harengandik ikasteko, ezta?
Goiko-k lan handia egin du urte hauetan guztietan, eta horregatik garrantzitsua iruditu zaigu elkartean lanean jarraitzea. Goiko-k Zumaian arrauna ahul egon den urteetan elkartea bizirik mantendu du. Argi zuen Zumaiak ezin zuela arraun elkarterik eta trainerurik gabe geratu, eta hark egindako lanari esker gaude gaur gu hemen. Asko zor dio Zumaiako arraunak
Goiko-ri.
Arraun elkarteetan boluntario lana garrantzitsua izaten al da?
Eguneroko lana oso garrantzitsua da arraun elkartean, eta zumaiar boluntario ugari etortzen da egunero musutruk lanera. Orain arte, urte askotan zehar,
Goiko-k lan karga handia izan du, eta ez zen erraza izaten berarentzat denera iristea. Horregatik, zuzendaritza talde berritik uste dugu eginbeharrak banatzea ezinbestekoa dela elkartearen martxa ona bermatzeko. Eta horretan saiatuko gara aurrerantzean.
Zein dira Zumaiako Arraun Elkartearen erronkak?
Erronka garrantzitsuena harrobia indartzea eta Zumaiako haur eta gazteak arraunera hurbiltzea izango da. Azken urteetan izan dugun gazte kopuru handiena dugu egun, baina harrobian oinarritutako elkartea gara, eta gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan goi mailan jarraitu nahi badugu belaunaldi berriekin lan egin behar dugu, horiek baitira etorkizuna. Jakin badakigu Zumaia herri kirolaria dena. Kirol eskaintza handia dago, eta herritarrak nahiko banatuta daude. Horregatik, zaila izaten da gazteak gugana hurbiltzea. Orain herriko ikastetxeekin elkarlana abiatuko dugu, eta soinketa orduetan arraunean erakutsiko diegu gaztetxoei. Horrela, belaunaldi berrien artean pixkanaka arraunarekiko zaletasuna zabaltzen joatea da gure helburua. Bestetik, gustatuko litzaiguke senior mailan arraunlari gehiago izatea, baina horretarako harrobia landu behar dugu, eta iruditzen zaigu egindako lanak pixkanaka-pixkanaka emango dituela emaitzak.
Alderdi ekonomikoa ere garrantzitsua al da?
Elkartea bideragarria izatea ere nahi dugu. Azpimarratu nahiko nuke gure arraunlari guztiak boluntarioak direla. Goi mailako traineruen ligan diru-saririk jasotzen ez duten gutxienetakoak izango dira, irabazitako sarien zatia soilik jasotzen baitute. Arrauna oso kirol gogorra da, eta meritu handia dute musutruk aritzen direnek, azken hiru urteetan elkartearekiko konpromisoa handia erakutsi dute arraunlariek.
Krisi ekonomikoak orain arte punta-puntan aritu diren arraun elkarteetan eragina izaten ari dela zabaldu da. Diru gutxiago izateak ez al du traineruen lehian balantza orekatuko?
Egia da zenbait taldek dirua izan duten bitartean zortzi-hamar arraunlari fitxatzeko aukera izan eta oso maila ona eman dutela. Orain, arazo ekonomikoak iritsi direnean, ikusi egin beharko da zer gertatzen den, inoiz ez baita jakiten. Gizonezkoei dagokienean, aurten gure helburua maila mantentzea izango da. Dena dela, Zumaiako arraunzaleei arraunaz gozatu dezatela eskatu nahiko nieke. Izan ere, gizonezkoek sei urte daramate gorengo mailan, eta emakumezkoak punta-puntan dabiltza. Egun lehia handia da, eta ez da erraza goi mailari eustea. Horregatik zaleek arraunaz gozatzea nahi dugu.
Emakumeen taldea ere lan bikaina egiten ari da, ezta?
Emakumezkoen traineruen liga sortu zenetik atera genuen emakumezkoen trainerua eta pixkana proiektua egonkortzea lortu dugu, eta aurrerantzean ere ildo hori harraitu nahi dugu. Neskek konpromiso handia erakutsi dute proiektuarekiko; ilusioa eta gogo handia dituzte. Iaz aritu ziren gehienek aurten ere jarraitzen dute, eta beste zenbait arraunlari berri ere etorri zaigu. Oso ondo entrenatzen ari dira, eta espero dugu arraunaz gozatuz aurten ere denboraldi bikaina egitea. Oro har, azpimarratu behar dut elkartea oso gustura dagoela arraunlari guztien jarrerarekin. Gure elkartean konpromisoa oso garrantzitsua da, eta arraunlariek uneoro erakutsi dute hori. Harro gaude horretaz.
Zumaiako herriak ere babes handia erakutsi dio elkarteari, ezta?
Zumaiak eta zumaiarrek ematen diguten babesa ikaragarri da.
Platanito izenez ezagutzen den ontzia eskuratu berri dugu, eta traineru berria herritarrek ordaindu dute. Dirua biltzeko kanpaina abiatu genuen, eta herritarrek, tabernek eta dendek oso erantzun ona izan dute. 600 euroko pentsioa duten pentsiodunak ere 50 euro ematera iritsi dira. Bagenekien jendeak erantzun ona emango zuena, baina sekulakoa izan da harrera. Ezin dut hitzez adierazi sentitzen dugun esker ona.