Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atez atekoa laster Zumaian?
Hondakin Mahaia herrian hondakinak biltzeko modu desberdinak aztertu eta herritarren iritziak jasota, irtenbideak aurkitzeko mahaia zelakoan egon gara orain arte.
Gure alderdia behintzat asmo horrekin joan da egin diren hiru bileretara. Azkeneko bilera otsailaren 6an egin genuen. Bilera bukaeran alkateak hauxe zion: «Mahai honetara ekarri aurretik ez da ezer egingo».
Mahai hori alderdi politikoek , Birziklapena bai, Atez ate ez plataformak, Zero Zabor taldeak eta Natur aldeak osatzen dute.
Azken egunotan gure herrian atez ateko sistema ezartzeko tankera duten aurrelan batzuk egiten ari direla ikusten ari gara: udal langileek «zintzilikario» moduko poste bat dabilkite kaleetan eta etxe atarietan neurketa lanak egiten. Badirudi planoekin poste horien kokapenak zein izan daitezkeen aztertzen ari direla.
Aldi berean, agian kasualitatez, herria pankartaz gainezka agertzen hasi zaigu (Zero Zabor, atez atekoa defendatzen duen plataforma).
Hau horrela izanik, otsailaren 28an izandako plenoan lan hauen inguruko informazioa beste zinegotzioi zergatik ezkutatu zaigun galdetu diogu alkateari. Zergatik batzorde informatiboetan ez zaigun honen berri eman. Ba omen dakigu Udal Gobernuak zer nahi duen erantzun digu; lan horiek, (frogak egitea, neurketak…) sistema horrek izango dituen gastuak aurreikusteko egiten ari direla, gero erabakia hartzeko.
Gure ustez Udal Gobernuak erabakia hartua dauka eta orain aztertzen ari dira udaleko langileekin, Mankomunitatekoekin, zer suposatzen duen inposatu nahi diguten sistema ezartzeak. Alkateak gaineratu du ez dutela ezer ezkutatzeko. Orduan zergatik ez dute informazioa ematen?Non gelditu dira?, herritarrekin gobernatzea, Udaleko ateak ireki ditugu, partaidetza bultzatuko dugu...Itxura hutsean, gure ustez.
Esan dezatela argi eta garbi Hondakinen Mahaia osatzea itxurakeria hutsa izan dela, eta zaborrak biltzeko zein sistema izango dugun dagoeneko erabakita dagoela. Beraz, ikusten dugunagatik, sumatzen dugu, aurki zer datorren: «zintzilikarioak» gure atari aurrean.
EAJ udal taldea. Zumaia
-----------------------------------------
Informazioa biltzen ari da Udal Gobernua
Zumaiako Udal Gobernuak harriduraz hartu du asteburuan EAJk ateratako oharra. Izan ere, EAJri pasa den astean bi aldiz (batzordean eta plenoan) azaldu zitzaion Zumaiako Udaleko teknikariak gaikako bilketa sistema baten bideragarritasun ekonomikoa azaltzeko informazioa biltzen ari direla. EAJri azaltzeaz gain, kalean gerturatu diren herritarrei ere azalpenak eman dizkiegu, eta horretan jarraituko dugu, ez baitugu ezer ezkutatzeko.
EAJk informaziorik ez dela eman salatzen du, eta berriro diogu, bi aldiz azaldu zaie juxtu horretantxe ari garela, bilketa sistema baten inguruko informazioa biltzen, gero Hondakinen Mahaian azaltzeko. Izan ere, Hondakinen Mahaian Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenetako bat, ez bakarra, osatzeko intentzioarekin bideragarritasun ekonomikoa zein den ikusteko lanetan ari gara. Ezkutatu gabe, egun argiz, aurretik beste proposamen baterako egin bezala.
Horregatik, ez dakigu asteburuko artikulu horrek plataformaren deialdiarekin zerikusirik duen edo ez. Baina susmagarria egiten zaigu bi aldiz erantzuna jaso, eta oraindik ere herritarren artean nahasmena sortzeko hartutako bide hori.
Udal Gobernuak esan bezala, proposamen bat baino gehiago egin ditu, eta beste bilketa sistema baten balorazio ekonomikoa aurkeztua du dagoeneko Hondakinen Mahaian. Eta ondo dakite herriko auzo ezberdinetan egiten ari garen neurketak ere mahaian balorazio ekonomiko bat aurkezteko direla.
Duela egun gutxi, Hondakinen Mahaitik adostasuna eta fruitu emankorrak ateratzeko prestutasuna agertu genuen Udal Gobernutik. Ez dakigu ordu gutxira jasotako oinarririk gabeko akusazio publiko horren helburua zein den, baina ez du batere laguntzen arazo hau eztabaida politikotik atera eta arlo teknikora pasatzeko gure helburuarekin.
Gure asmoa herrirako bilketa sistema egokiena eta onena izango denaren oinarriak Hondakinen Mahaian adostea dela berresten dugu. EAJren jokaerak ez du adostasunak lortzeko eta eztabaida joko politikotik atera eta mahai teknikoetara eramateko gure prestutasuna handitu baino egiten. Udal Gobernua Hondakinen Mahaian aurkituko dute elkarrizketa giro sosegatu batean segitzeko prest.
Udal Gobernua. Zumaia