Alondegiko Oxford aretoa goraino bete zen herenengungo aurkezpenean. (Amaia Ventas/Hitza)
Zumaiako herri plataformak hondakinak kudeatzeko proposamena aurkeztu zuen herenegun iluntzean, Oxford aretoan bildu zen hainbat herritarren aurrean. Getxon Bilduk, PSE-EEk eta EAJk hitzartutakoaren ildoko proposamena dela nabarmendu zuten
Birziklapena bai, atez atekoa ez taldeko ordezkariek; giltza zein txartelekin funtzionatzen duen edukiontzien bidezko sistema, alegia.
Datuek sistema horrek «oraindik asko eman» dezakeela erakusten dutela nabarmendu zuten. Eta hala, «bide luzea» dutela aurretik. Hori horrela, erronka jarri dute: 2014rako gaikako bilketa tasa %55era iristea egungo sistema baliatuz. Hala gertatzen bada, edukiontzien bidezko sistema behin betiko ezartzeko eskatuko dute. Horretarako herritarren «benetako» partaidetza eta konpromisoa «ezinbestekoa» dela diote. «Zumaiarrek argi utzi dute bitartekoak eskainiz gero, oso ondo erantzuten dakitela. Ez dezagun alferrikako baldintzarik ezarri». Aldiz, helburu horretara iristen ez balira, «negoziatzeko prest» agertuko lirateke.
Era berean, atez atekoa ezartzeko pausoak herrian «nabarmenak» direla salatu zuten —biribilgunetan kartelak eta Eroski saltokiaren inguruan bi egunez zintzilikarioak jarri dituztela jakinarazi dute— . Ildo horretatik, Zumaiako Udalak edo Urola Kostako Udal Elkarteak «alde bakarreko erabakiz bosgarren edukiontziaren alde zumaiar gehienek eginiko eskariaren kontra» jotzen badu, herri kontsulta egiteko exijituko du plataformak. Atez atekoaren aurkako 4.000 sinaduratik gora jaso dutela gogoratu zuten plataformatik.
Momentuz eta protesta moduan, zabor poltsak balkoietatik eta leihoetatik zintzilikatzera deitu dituzte herritarrak.
Bi urteko epea
Getxon bosgarren edukiontzian oinarritutako sistema pilotua abiatu dute, txartel edota giltza bidez funtzionatzen duena, eta zintzilikariorik gabekoa.Halako sistema proposatu dute herri plataformakoek Zumaiarako.
Horretarako, lehenik eta behin Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak azken 16 hilabeteetako gaikako bilketaren bilkaera «erreala» azaltzea «behar-beharrezkoa» dela diote, zumaiarrek hondakinen bilketarekin duten konpromisoa ezagutze aldera. «Datuak errealak izan daitezen, herrian sortzen diren hondakin guztiak (etxe hondakinak, industrialak, komertzialak eta baliokideak) kontuan» izan behar dituztela ohartarazi dute. Jarraipen sistema bat ezartzea proposatu dute, adierazleen definizioa eta emaitza zehatzak helburu hartuta. Era berean, komunikazio eta herritarren kontzientziazio planak gauzatzeko eskatu dute.
Halaber, askotariko eragileekin lantaldea eratzea proposatu dute, hobetu beharreko eremuak antzeman eta edukiontzi bidezko gaikako bilketaren emaitzak hobetzeko. «Lan taldeak hondakin ekoizle berezituentzat berariazko ekintzak proposatuko ditu; hala nola, ikastetxetako jangela, elkarte gastronomiko, taberna eta jatetxe, ostatu, merkataritza gune eta industria guneetarako, eta, oro har, hondakin ekoizle orotarako», zehaztu zuten.
Edukiontzietarako irisgarritasuna hobetu, eta beharrezkoa balitz, gehiago jartzeko edota bilketa maiztasuna handitzeko iradokitu dute baita ere.
Ildo horretatik, bi urteko epea eskatu dute, edukiontzi bidezko sistema baliatuz gaikako bilketa tasa %55era iritsi dadin. 2014 amaieran emango dituzte udalak eta makomunitateak datuak , hiri hondakin guztiak kontuan izanda. Aurreikusitako epean helburua lortzen bada, edukiontzi bidezko sistema behin betiko egiteko eskatu du plataformak.