Zumaian ezgaitasun fisikoa dutenek lokal komertzialak etxe bihurtu ahalko dituzte

Urola Kostako Hitza 2013ko martxoaren 5a

Osteguneko Zumaiako udalbatzarra (Aiora Larrañaga/Hitza) Ostegun iluntzean Zumaiako Udalbatzak otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuen, eta hirigintza arloko gaiak izan zituen hizpide batez ere. Horretaz gain, droga-mendekotasunen eta beste mendekotasun psikologikoen inguruko tratamendua jasotzen duten pertsonentzat banakako diru-laguntzak erregulatzen dituzten arau espezifikoak ere onartu zituzten, aho batez. Orain arte Zumaian lokal komertzialak gutxienez bost urtez jabetzan izan behar zituzten herritarrek haietan etxebizitza egin ahal izateko. Horren aurrean, Zumaiako Udalbatzak ostegunean aho batez onartu zuen kasu berezietan arau hori bertan behera geratzea; ezgaitasun fisikoa dutenen kasuetan, esaterako. Kasu horietan pertsonak ez luke lokala bost urtez jabetzan izan beharko lokala etxebizitza bihurtzeko. EAJ udal taldea ados agertu zen ordenantzaren aldaketarekin, eta urrats bat aurrerago joateko eskatu zion Udal Gobernuari. «Uste dugu Zumaian badagoela beharra lokalak etxebizitza bihurtzeko, eta gaur egun araudiak ez du onartzen aldaketa hori egiteria. Horregatik, gure ustez egoera aztertu egin beharko litzateke arau subsidiarioak berridatzi aurretik», azaldu zuen Ana Arranz EAJko zinegotziak. «Egia da», aitortu zuen Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak: «Ordenantza horrek ziurrenik aldaketa gehiago merezi ditu. Horregatik, pixkana aldaketa horiek aztertzen eta burutzen joango gara». Bestetik, Hirigintza arloan Udalbatzak Ardantzabideko 7.1 eta 7.2 partzelatan 32 etxebizitzen salneurri itunduan esleitzeko oinarri arautzaileak onartu zituen. Horren arabera, martxoaren 11tik apirilaren 26ra etxebizitza horiek erosi nahi dituzten herritarrek zozketan izena emateko aukera izango dute. «Lehentasuna zumaiarrek izango dute». Hondakinen gaia hizpide Eskari eta galdera atalean EAJko bozeramaile Montse Aranak adierazi zuen 2013ko aurrekontuak osatzerako garaian EAJ prest agertu dela Udal Gobernuarekin lankidetza abiatzeko. «Baina hiru hilabete pasa dira, eta ez zarete gurekin harremanetan jarri». Iñaki Agirrezabalaga lakateak azaldu zuen Udal Gobernua aurrekontua lantzen ari dela, eta « laster horren inguruan hitz egiteko biltzea» espero duela. Bestetik, Aranak hondakinen gaiarekin zer egiten ari den ere galdetu zion Udal Gobernuari. «Hondakinen gaiaren inguruan herrian dauden iritzi kontrajarriak ikusita, irailean Hondakinen Mahaia osatzeko eskatu genuen. Azken asteetan herrian lanean ari zaretela ikusi dugu, baina informaziorik ez diguzue ematen». Zumaiako alkateak erantzun  ziek ez dutela ezer «ezkutatzeko». «Azken asteetan proposamen desberdinak aztertzen ari gara, eta horretarako proposamenak landu egin behar ditugu, ondoren behar den bezala informazioa eman ahal izateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide