Etxe kaleratzeak urrutiko kontua direla badirudi ere, Kaleratzeak Stop Plataformatik azaldu dutenez, Gipuzkoan egunero bi-hiru kaleratze izaten dira. «Etxebizitza erosteko hipoteka eskatu duen edonori gerta dakioken arazoa da. Horren aurrean, lana galdu eta mailegua ordaindu ezin dutelako errudun sentitzeari utzi behar diogu herritarrok, eta banketxeek sustatu duten sistemaren biktima garela kontuan hartu», azaldu du Kaleratzeak Stop Plataformako kide Iker Apilanezek. Gizartea gaiaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, gaur arratsaldean
Etxe kaleratzeen errealitate gordina hitzaldia antolatu dute. 19:30etik aurrera izango da, Zumaiako Alondegian.
Hitzaldian Euskal Herrian lan eta ekonomiari dagokionean egoera zein den eta horrek herritarrengan zein eragin duen jorratuko dute. «Ondoren etxe kaleratzeen prozesua nolakoa izaten den eta horren aurrean herritarrek zer egin dezaketen azalduko dugu. Gaia larritu zenetik erakunde publikoek hartu dituzten neurriak ere aztertuko ditugu, eta Kaleratzeak Stop Plataformak egoerari konponbidea emateko zer proposatzen dugun ere azalduko diegu herritarrei», adierazi du Apilanezek.
Kaltetuen soslaiak
Kaleratzeak Stop Plataformak urte eta erdi darama buru-belarri lanean, eta 130 kasutan bitartekaria izan da. «Dena dela, datuak azaltzen duten errealitatea argitaratzea falta zaigu oraindik. Izan ere, Euskal Herrian familia askok azken unera arte itxaroten dute gertatzen zaiena azaldu aurretik, eta beren inguruan laguntza aurkitzen saiatzen dira mailegua ordaindu ahal izateko. Oraindik ere herritar asko errudun sentitzen da, lana galdu eta ezin duelako hipoteka ordaindu». Ikuspuntu hori «erabat aldatu» behar dela uste du plataformak. «Egoera horretan dauden lagunak asko dira, eta ez daudela bakarrik sentitu behar dute; euren egoera ez dela isolatua, alegia».
Etxetik kaleratu dituztenen artean aniztasuna da nagusi. «Normalean gugana jotzen dutenak 2004-2008 urte artean, burbuila gorenean zegoenean, etxebizitza erosi zutenak izaten dira. Badaude seme-alabarik gabeko bikote gazteak, atzerritarrak, seme-alaba nagusiak dituzten helduak, euren etxebizitzaz gain adineko gurasoen etxebizitza ere galtzear dutenak. Azken finean hipoteka izan eta lana galdu duen edozeini gerta dakioken zerbait da», azaldu du plataformako kide Apilanezek.
Hala ere, Apelanizen iritziz, erralitatearen gordintasuna ikusita, gizartea «gero eta kontzientziatuagoa» dago. «Beste arazo batzuen aurrean antzematen da solidaritate maila mugatuagoa dela. Baina, etxebizitza galtzeko arriskua jende askok izan dezakeelako, gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dago. Benetako bidegabekeria dela onartuta dago».
Prebentzioa garrantzitsua
Kaleratzeak Stop Plataformako kideen esanetan etxebizitza galtzeko arriskuan dagoela sentitzen dutenek, «lehenbailehen» eskatu beharko lukete laguntza. «Prebentzioa oso garrantzitsua da. Herritarren batek uste badu denbora batean ezingo diola aurre egin hipotekari orduan gugana etortzea garrantzitsua da, bitarte horretan banketxearekin negoziatu daitekeelako. Gertatu izan da norbanakoa hipoteka negoziatzeko asmoz banketxeko zuzendariarengana joatea eta horrek gutxiestea. Aldiz, plataformako kideren batekin joanez gero egoera zeharo aldatzen da».
Apilanezen esanetan behin kuota ordaintzeari utzi eta kaleratzearen prozedura exekutiboa martxan jartzen denean egoerari buelta ematea «zailagoa» da. «Banketxeek legearen babesean jokatzen dute. Borondatea badago beti iritsi daiteke akordio batera, baina banketxeek gaur egun ez dute negoziatzeko borondaterik, eta presio soziala eginez soilik lor daiteke konponbideren bat». Horregatik, gizarteari arazo larriaren aurrean erantzuteko eskatu nahi diete plataformatik.
Gizartearen presioa
Askotan muturreko egoerak etorkizuna beltza ikustarazten badu ere, Kaleratzeak Stop Plataformaren iritziz gizarteak «berebiziko» indarra du etxe kaleratzeen aurkako borrokan. «Maileguek Kalteturiko Plataformak herri ekimen legegile bat aurkeztu du ia milioi eta erdi sinadurez babestua. Bertan eskatzen da hipoteken legea aldatzea. Etxe kaleratze prozedura guztiak gelditzea, 2008an krisia abiatu zenetik euren etxebizitza galdu dutenek zorra etxetxebizitza ordainean emanda ordaintzeko aukera izatea, eta, azkenik, etxebizitza galdu dutenei alokairu sozial bat eskaintzea. Herri ekimena bi aldiz atzera bota zuten, baina orain parlamentuan tramitera onartu dute gizarteak egin duen presioari esker. Horrek erakusten du gauzak alda daitezkeela».