Hitzen garrantzia, hitzik gabe

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 27a

Abentura eta amodiozko istorioan oinarrituta da 'Uharte ezezaguna' antzezlana (Argazkia: Markeliñe) Abentura, amodio istorioa, baina, batez ere, irakaspen bat: hitzaren garrantzia eta oinarrizko ezagupenak—idaztea eta irakurtzea—izatea zein garrantzitsua den erakustea. Hori da Markeliñe antzerki konpainiak iganderako prestatutako proposamena: Uharte ezezaguna. Izen bereko Jose Saramagoren ipuin laburrean oinarrituta, «minimalismo ikusgarria» eramango du talde bizkaitarrak Zumaiako Aita Mari aretoko oholtza gainera. 12:00etan izango da emanaldia, eta interesa dutenek turismo bulegoan eskuratu ahalko dituzte sarrerak, hiru eurotan. Jose Saramagoren estiloa imitatzen dute aktoreek, mugimendu ez naturalekin (Argazkia: Markeliñe) Saramagoren ipuina antzerkira egokitu dute Markeliñekoek. «Oso istorio polita da. Bere ametsen bila abiatzen den neskato baten inguruko istorioa kontatzen du. Neska horri batzen zaio gizon bat, kultura asko ez duena. Azkenean amodio istorioa bihurtzen da, baina, batez ere, desioak betetzea edo nork bere bidea jorratzea erabakitzea zein garrantzitsua den islatzen du», azaldu du Jon Kepa Zumaldek. Istorioaz gain, idazle zenaren «kontatzeko modu dotorea eta berezia» taularatuko dute Uharte ezezaguna antzezlanean. Markeliñek, ordea, hitzik gabeko lanak egin ohi ditu. Hori dela eta, «bueltak ematen» hasi ziren taldekideak, hitzen garrantzia erakutsiko zuen antzezlan mutu bat egiteko gai ziren argitzeko. Eta lortu, lortu dute. «Liburu bat moldatu dugu, ia testurik gabe. Saramagoren istorioa ulertzeko garrantzitsuenak diren testu laburrak gehitu dizkiogu soilik. Erronka polita eta interesgarria izan da». Puntuazioa eta mugimendua Nola eman garrantzia hitzei, ia hitzik erabili gabe? Horrekin jolastu dute antzezleek: «Pertsonaia batek ez dauka ongi hitz egiteko eta irakurtzeko gaitasuna, eta haren bidelagunak erakutsiko dio, bere oztopoak eta mugak gainditzen dituen arte». Pertsonaiek «une zehatzetan» soilik hitz egiten dutela azaldu du Zumaldek, «era oso berezian». «Saramagok ipuin honetan puntuazio arauak apurtzen ditu, kontatzeko modu berezia du. Hori pertsonaien hitz egiteko moduan islatzeaz gain, mugimenduen bidez ere erakutsi nahi izan dugu». Antzezlaneko aktoreek eta elementuek mugimendu ez naturalak egiten dituzte hala, eta horrek ikuskizunari «beste puntu bat gehiago» ematen dio. «Idazlearen estiloa imitatuz, mugimendu normalari beste zerbait gehitu nahi izan diogu. Ezberdina izatea nahi genuen, ez istoria soilik, pertsonaien kontatzeko modua ere berezia egin nahi genuen». Ildo horretatik, antzezlana «oso bisuala» da, «une ikusgarriak» ditu. «Hutsetik hasten gara, minimalismotik, eta antzezlanak aurrera egin ahala, elementuak gehitzen joaten dira. Azkenean eskenatokia eraldatu egiten da, erreginaren gortetik itsasora pasatuko gara. Ikuslegoa geureganatzeko beste modu bat da hori», nabarmendu du. Uharte ezezaguna Zumaian antzeztu ostean, Kataluniara bidaiatuko dute datozen hamabost egunetan taldekideek. «Katalunian antzeztea oso zaila da kataluniarrak ez garenontzat. Han nahiko ohituta daude estilo askotako antzezlanak ikustera, eta geurea aukeratzea han bertan eskaintzeko oso pozgarria da guretzat. Horrek lana ongi egin dugula eta ikuskizunak maila baduela erakusten du», dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide