(Aiora Larrañaga/Hitza)
Pasa den astean abiatu zuten Zumaian Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, Kike Amonarrizen hitzaldiarekin. Bihar 19:00etatik aurrera izango da hurrengo hitzordua Alondegian, eta Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, 1970) antropologoak
Arnas-uneak.
Gazteak eta euskararen momentua gaia izango gu hizpide.
Lasartearra gazteei begira jarriko da bereziki. «Euskarak azken hamarkadetan ezagutu duen garapenaren fruitu dira belaunaldi berriak. Ibilbide luzea eta korapilatsua izan da, eta dinamizatzaile nagusiak hizkuntza politika zein hizkuntza plangintza izan dira. Horiekin batera, noski, gizarte mugimenduak eta hiztunak. Kemen eta indar handiko ekimenak gauzatu dira, energia asko inbertituz». Hori horrela izanda, euskarak egindako ibilbide honetan, zein den egungo gazteen egoera eta gazteek zer eskain diezaioketen euskararen etorkizunari moduko galderen inguruan hausnartuko du.
Estrategia aldatzeko ordua iritsi al da?
Biharko hitzaldian gazteen inguruan hitz egingo dut;, batez ere gazteen eta euskararen arteko harremana izango dut hizpide. Planteatzen dudana da, badela momentua geratu eta balantze bat egitekoa. Horregatik egiten diot arnasuneari erreferentzia hitzaldiaren izenburuan. Ikusi behar dugu orain arte gazteekin hezkuntza sistemaren baitan euskararen arloan egin den lanak zer emaitza eman dituen. Bestetik, gazteek euskara erabiltzerako orduan helduek duten eragina ere nabarmenduko dut, horiek gazteentzat erreferenteak baitira euren egunerokoan. Horretaz gain, hipotesi batzuk botako ditut euskararen etorkizuneko erronken inguruan.
Gaur egun zein da euskararen egoera Euskal Herriko gazteen artean?
Datuetan oinarritzen bagara, egoera oso desberdinak aurkitu daitezke Euskal Herrian zehar. Gipuzkoa da gehien euskaldundu den lurraldea; datuetan ikusi daiteke gazte asko euskaldundu direla eta euskararen ezagupenaren maila oso altua da. Arabako edo Iparraldeko egoera berriz oso bestelakoa da. Horregatik, zaila da errealitate bakar batez hitz egitea. Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko plangintzak sortzen hasi zirenean, hasierako kezka nagusia hezkuntzaren bitartez gazteak euskalduntzea izan zen. Helburu hori gutxigora behera lortu da, baina ikusi da erabilpena ez dela espero zen bezain bestekoa. Gazteek euskara ikasten dute, eta hitz egiteko gai dira, baina egunerokoan ez dute erabiltzen. Orain aztertu behar dugu zergatik ez duten erabiltzen; eta erabiltzen dutenean non erabiltzen duten, norekin eta zertarako.
Gazteen euskara erabileraren inguruko ezjakintasuna gainditu beharra al dago?
Oso gutxi dakigu gazteen euskararen erabilerari buruz. Nahiko kontrolatuta dugu eskolaren eremuan, eta ikerketak egin dira hori aztertzeko. Dena dela, ez dakigu gazteen aisialdi informalean euskararen erabilera zer-nolakoa den, eta hori jakitea ezinbestekoa izango da etorkizunari begira jarraitu behar dugun bidea zehaztu nahi badugu.
Dena dela, aipatu duzu bilakaera bat izan dela azken hamarkadetan. Euskara inoiz baino osasuntsuagoa dagoela uste al duzu?
Errealitate jakin baten inguruan bi irakurketa guztiz desberdin egin daitezkela uste dut; baikorra edota ezkorra. Azken hamarkadak kontuan hartzen baditugu, esan dezakegu inoiz baino euskaldun gehiago dagoela. Duela 43 urte nire herrian, Lasarte-Orian, esaterako, euskara oso eremu zehatzean zegoen, ikastolaren inguruan. Gaur egun egoera oso desberdina da. Lehen gizartea euskaraz zekitenen eta ez zekitenen artean bana zitekeen, bi eremu horiek nahiko desberdinduta baitzeuden. Gaur egun, berriz,
continuum zabal bat dugu; bi muturrak badaude, baina tartean dibertsitate handia dago, eta ezaugarri eta soslai desberdinak dituzten hiztunak aurkitu daitezke.
Gizartea aldatzen ari den heinean aldatu al dira hiztunak ere?
Ez genuke bereiztu behar hizkuntzaren eremua eta gizartearen eremua. Izan ere, hizkuntzaren gaiarekin bezala gainontzeko gaiei dagokionean ere gizartean azken hiruzpalau hamarkadetan aldaketa asko eta handiak gertatu dira, eta egun lehen zena baino askoz konplexuagoa da gizartea orokorrean. Hizkuntzaren arloan ere hori gertatu da, eta uste dut ahalegin berezia egin behar dugula euskara testuinguru berri horretan kokatzeko; oraindik ez dikurtsoan ez ikerketak egiterako orduan ez gara egokitu izan diren aldaketa horietara. Horregatik kostatzen zaigu interpretatzea gaur egun hizkuntzarekin gertatzen ari dena. Hori erronka garrantzitsua da ikerlariontzat.
Testuinguru horretan zenbait euskalzalek uste du euskararen aldeko borrokan erlaxatu egin direla gazteak. Zer uste duzu horren inguruan?
Ez dakit erlaxatu egin diren edo gazteek hizkuntzarekiko duten lotura, harremana edota jarrera aldatu egin den. Ez da hizkuntzaren arloan bakarrik gertatu den fenomenoa. Orokorrean gizartean ikus daiteke garai batean gure identitatea definitzen zuten elementuekiko atxikimendua aldatu egin dela; hizkuntza edo balioen kasuan argi ikus daiteke. Euskararen alde lan egiteko moduaren aldaketa gizartean gertatu diren aldaketa orokorragoen baitan kokatuko nuke nik.
Etorkizunari begira gazteek zer uste duzu egin dezaketela euskarari dagokionean?
Uste dut iritsi dela momentua orain arte egin den lana eta bilakaera baloratzekoa. Horretarako oraindik datuak falta zaizkigu. Gazte euskaldun multzo handi bat dugu, eta horiek ekarpen garrantzitsuak egin ditzazkete euskararen arloan. Hemendik aurrera hausnartu behar dugu orain arte egindako inbertsioari etekina nola atera ahal diogun. Gutxi dakigu gertatutako prozesuaz; ikerketak egin dira, eta gazteei galdetu zaiei euren hizkuntza ohituren inguruan, baina inpresioa dut ikerketak egiten ditugunean duela 30 urte egiten ziren galdera berak errepikatzen jarraitzen duguna. Oso gutxi aurreratu dugu ikerketak egiterako orduan eta gazte gehienek zer erantzun behar duten ikasi egin dute. Sorgin-gurpil batean sartuta gaude, eta joera horrekin hautsi behar dugula uste dut. Hausnarketa sakon batetik eta planteamendu berrietatik etorriko da aldaketa. Etorkizuna gazteena da eta haiei eman behar zaie aurrera egiteko bidea; haiek ere diskurtso edo planteamendu berriak sortzera ausartu behar dute.