Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Puntanuetan, auzokideok auzokonposta egiten hastekoak ginen joan den otsailaren 3an. Gu geu aritu gara gunea prestatzeko lanetan, eta, azkenean, hilaren 2an amaitu genituen lanak. Baina hurrengo egunean ezusteko penagarria hartu genuen: norbaitek hesiak bota zituen, eta konposta egiteko ontzia mugitu. Udalari jakinarazi ondoren, brigadak txikizioak konpondu zituen otsailaren 5ean.
Ekintza isolatua izan zitekeela pentsatu genuen hasieran, edo itxaropen hori geneukan. Baina hilaren 6an, hesia berriro botata agertu zen. Hori dela eta, nahiko garbi daukagu ekimena gustuko ez duen norbaitek burutu dituela erasoak.
Ulertzekoa da, jakina, norbaitek zalantzak izatea ekimen honen inguruan. Gure aldetik, gerturatzen den edonori zalantzak argitzen laguntzeko prest gaude. Baina ez dugu horrelakorik merezi.
Bai, auzokonpostean parte hartzea erabaki dugu, ez diogu inori kalterik egiten, eta, gainera, zabor organikoa guk geuk kudeatzen dugu, horrela gastuak murriztu eta ingurumenaren alde egiten dugu. Bestalde, hemendik hilabete batzuetara emaitzak izango ditugu: konpost organikoa, etxeko landareen, zuhaixken eta baratze txikien pozerako.
Kontuak kontu, auzo bateko lagunak elkartu gara, ilusioz eta gogoz, eta horrelako ekimen bat aurrera ateratzea lortu dugu: sortzen dugun zaborraren zati bat geuk kudeatzea. Borondate onenarekin ari gara, gizarteari ere ekarpen txiki bat egiten diogulakoan. Gainerako bizilagunek eta herritarrek ere horrela ikustea nahi genuke. Hori da gure itxaropena.
Itziar Mora, Puntanuetako auzokide batzuen izenean. Zumaia.