Beheko plazan hasi eta amaituko da aurten Zumaiako Herri Lasterketa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ots. 14a, 09:37

650 korrikalarik hartuko dute parte Zumaiako XXIX. Herri Lasterketan. (Argazkilaria: Bittor Mutiozabal) Larunbatean jokatuko dute Zumaiako XXIX. Herri Lasterketa, eta aurten berrikuntza ugari izango da. Batetik, Beheko Plazan hasi eta bukatuko dute proba parte-hartzaileek. Horrek ibilbidea nagusian hainbat aldaketa ekarriko du. Aurreko urteetan Patxita Etxezarreta kalean abiatzen zuten lasterketa, eta herrian zehar egiten zuten ibilbidea. Aurten, ordea, herriguneko plazatik abiatu eta Erribera kalea zeharkatuko dute korrikalariek, Amaiako plazan ezkerretik sartu, Ondartxo plaza aurretik igaro, Juan Belmonte kaletik sartu eta Bidasoa kaletik Arranpla aldera joko dute, moilatik Zubitxikirantz egiteko. Behin ibilbide laburra egin ostean, bi itzuli handi egingo dituzte, Ayra Durex, Sagarbide, Patxita Etxezarreta, Parola, Itzurun, San Telmo, Erribera eta Beheko Plaza artean. Lasterketan parte hartzea sustatze aldera, gainera, bi ibilbide  prestatu dituzte Zumaiako Udalak eta Zumea elkarteak parte-hartzaileen aukeran. Bata 5.700 metrokoa izango da, eta bestea, berriz, 10.200 kilometrokoa. Lasterketok 17:00etan abiatuko dituzte. Patinetan ere bai Horrez gain, ibilbidea patinetan egiteko aukera ere izango da. Parte-hartzaileek hamabi kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Horiek ere Beheko Plazan hasiko dute ibilbidea. Hortik Txikierdiko biribilgunean buelta eman, eta kiroldegi paretik Txomin Agirre kaian barrena igaroko dira, Arranpla ingurura arte. Erribera kaletik iritsiko dira berriz ere Beheko Plazara. Halako lau itzuli egin beharko dituzte patinzaleek, bakoitza hiru kilometrokoa. Proba lasterketa nagusia baino ordubete lehenago hasiko dute, 16:00etan. Parte-hartzaileak abiadura handian ibiliko direnez, lasterketa ikustera gerturatzen direnei tentuz ibiltzeko eskatu die Zumaiako Udalak; ibilbidean ez sartzeko eta ertzetan argi ibiltzeko gomendatu diete ikusleei. Gaztetxoak izango dira, ordea, lehiatzen lehenbizikoak. 15:00etatik hasita haurrak dagokien mailan lehiatuko dira. Hala, alebinak (1.100 metro), infantil eta kadeteak (2.200 metro), benjaminak ( 300 metro) eta aurrebenjaminak ( 300 metro) ariko dira korrika herrian zehar. Azken horiek ibilbidea heldu batekin egin beharko dutela ohartarazi dute antolatzaileek. Lasterketetan parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunearen bidez eman beharko dute izena edota Lubaki kiroldegira jota. Egunean bertan ere izango da aukera izena emateko, lasterketa patinetan egin behar dutenek salbu. Datu praktikoak
  • Noiz. Otsailaren 16ean, larunbatean.
  • Gaztetxoen probak.
- 15:00. Alebinak. 1,1 kilometro. - 15:15. Infantilak eta kadeteak. 2,2 kilometro. - 15:30. Benjaminak. 300 metro. - 15:35. Aurrebenjaminak. 300 metro. Heldu batek hartu beharko du parte haur bakoitzeko.
  • Patindunen proba.
16:00etatik aurrera. Hamabi kilometroko ibilbidea egin beharko dute, hiru kilometroko lau itzuli.
  • Lasterketa nagusiak.
17:00etatik aurrera. 5,6 kilometro edota 10,2 kilometro, aukeran.
  • Ibilbidea.
Bost kilometroko probako korrikalariek herriari itzuli bat eman beharko diote; hamar kilometroko probakoek, berriz, bi itzuli.
  • Sari banaketa. 18:30ean.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide