Joan zen ostegunean Maria Eugenia
Geni Doval Zumaiako San Pedro Txiki eta Txikienak abesbatzako zuzendaria hil zen, eta Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta bertako Guraso Elkarteak doluminak eman dizkie haren familiari.
Ikastetxeak gogoratu du Doval urtero joaten zela bere abesbatzekin Azkoitira Gabon Kantak ekimenean abestera. «Azkenekoz joan zen abenduan etorri zen, gaixorik bazegoen ere. Denoi bere alaitasuna, artea eta ondasuna transmititu dizkigu», adierazi dute. Hain zuzen, azken agerraldi publikoa Azkoitian egin zuen zuzendariak, gabonetako emanaldian. Halaber, bertan eskaini zuen lehenengo kontzertua, 1990. urtean.
Ikastetxeak eta Guraso Elkarteak azpimarratu du «ohore handia» izan dela «bere alboan egotea», eta zumaiarrak egindako lana eskertu dute.
Azkenera arte lanean
49 urte zituela hil zen Doval, minbiziarekin borroka luzea izan ondoren. Duela 23 urte San Pedro Txiki eta Txikienak abesbatza sortu zuen, eta gaur arte zuzendari lanetan aritu da, Pili Aizpuruarekin batera. Atsedenik hartu gabe jardun zuen lanean zumaiarrak, eta horren erakusgarri izan zen pasa zen urteko santelmoetan jaso zuen omenaldi hunkigarria.