Kirol Mahaiaren lehen bilera Alondegian. (Argazkia: Zumaiako Udala)
Pasa den astean Zumaiako kirol arloko eragileek Kirol Mahaia osatzeko lehen bilera egin zuten Alondegian. Lehenik eta behin ekimena aurkeztu zuten udaleko Kirol batzordeburu Iñaki Ostolazak, Kirol Patronatuko teknikari Fran Aizpuruak eta patronatuko arduradun Antxon Alberdik; egitasmoa zertarako abiatu duten eta zer lortu nahi den zehaztu zuten, besteak beste.
Ondoren Kirol Mahaiaren egitura azaldu zuten. «Kirol Mahaiak hiru azpitalde izango ditu, eta bakoitza kirolaren arlo jakin batean oinarrituko da. Hala, eskola kirol mahaia, errendimendu kirol mahaia eta asialdi kirol mahaia izango dira», azaldu du Kirol Patronatuko teknikariak.
Kirol arloa hobetzea helburu
Kirol Mahairen helburua eskola, errendimendu eta aisialdi arloko kirolen diagnosia egin, etorkizuneko erronkak finkatu eta horiek lortzeko abia daitezkeen egitasmoen inguruan hausnartzea da. «Zumaiako kirolaren egungo egoera zein den eta hori hobetzeko eragileek ekimenak eta jarduerak proposatzea nahi dugu.
Kirol elkarte, talde, eta, oro har, eragile bakoitzak bere errealitatea bizi du, eta hori ezagutu nahi dugu; bere jardunean talde bakoitzak dituen arazoak eta indarguneak zein diren, hain zuzen ere».
Aurkezpen bileraren amaieran, bertaratu ziren eragileak Kirol Mahaian parte hartzeko prest agertu ziren. «Eskola kirolari dagokionean esaterako orain arteko martxa zein izan den eta hori hobetu daitekeen aztertuko da datozen bileretan. Errendimendu kirolari dagokionean sinergiak aprobetxatu edo elkarte eta talde orori zuzendutako ekimenen bat martxan jarri daitekeela uste dugu, prestakuntza fisikoa lantzeko denek prestatzaile bat izatea izan daiteke horietako aukera bat esaterako». Aisialdeko kirolean lan egiten duten eragileen ekarpenak jaso eta Kirol Patronatutik urtean zehar antolatzen dituzten lasterketa eta proben balorazioa ere egin nahi dute Kirol Mahaitik. «Parte-hartzaileek horiek zein moduan hobetu ditzazkegun esatea nahi dugu».
Otsailaren 21ean bilera
Zumaiako kirol azpiegiturei dagokionean ere, diagnosi bat egin beharko dela uste du Kirol Patronatuak, egungo beharrak eta etorkizuneko asmoak kontutan hartuta. «Bileran esandakoak Udaleko ordezkariekin aztertu beharko dira bideragarriak diren edo ez erabakitzeko. Kontutan izan behar dugu Kirol Mahaian proposatutako hainbat ekimena datorren ikasturtean martxan jartzeko aukera izango dugula, baina beste zenbait gai sakondu eta adostu beharrekoak izango dira».
Datorren bilera otsailaren 21ean izango da, 19:00etan Alondegian; martxoaren 7an elkartuko da errendimendu kirol mahaia, eta martxoaren 21ean aisialdi kirol mahaia.