Hamar familia hasi dira auzokonposta egiten Zumaiako Oikia auzoan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 1a

Hamar familiak egiten dute egun auzokonposta Oikian (Argazkia: Zumaiako Udala) Dagoeneko hamar familia ari dira Oikian auzokonposta egiten. Zumaiako Udalak Konpostari elkartearekin elkarlanean abian jarritako egitasmoak erantzun ona izan du hala. Urtarrila erdialdean hasi zuten proiektua, eta herritarren konpromisoarekin eta jarrerarekin «gustura» agertu dira. Auzokonposta egiteko izena eman duten familiek auzolanean osatu dute konpostagailua. Konpostari elkarteko teknikari Karmele Agirrek hala azaldu du: «Hasieratik oso jarrera ona agertu dute herritarrek, eta konpost kaxa jartzeko gunea egokitu eta konpostagailua bera egiteko lanetan buru belarri aritu dira». Konpostagunea herritarrek eurek egin dute, material berrerabiliekin, gehienetan. «Materialak berrerabili eta kostua ahalik eta txikiena izatea izan dugu helburu», adierazi du Agirrek. Puntanueta auzoan ere auzokonposta egiten hasteko prest daudela jakinarazi dute. Aste honetan abiatzea aurreikusi dute. «Inguru horretan 17 familia izango dira, oraingoz, proiektuan parte hartuko dutenak». Auzokonposta zabalduz Auzokonposta bi auzo horietan soilik jartzea adostu zuten hasiera batean. Egitasmoak izandako harrera ikusita, ordea, gune gehiagotara zabaltzeko bilerak egin dituzte beste auzoetako herritarrekin. Ildo horretatik, epe motzean Basadi eta San Telmo inguruan auzokonpostagailuak jartzeko asmoa du udalak, baita Alai auzoan, Algorri inguruan eta Parol bidean ere. «Inguru horietako bizilagunak agertu dute interesa, eta taldetxoa osatzeko lanetan ari dira orain», adierazi dute udaletik. Herritarrak auzokonpostagailua egitera animatu ditu erakundeak, «modu horretan, hondakinen zati bat ohiko bilketa sistematik kanpo geratzen baita». Ildo horretatik, gune berrietatik eskaera egiten duten heinean, Zumaiako Udalak aztertu eta inguru horretan ere lan taldetxoak sortzeko ahalegina egingo du. Interesa dutenek oraindik izena emateko aukera dute. Horretarako, 608-05 43 59 telefonora deitu beharko dute, edota auzokonposta@gmail.com helbidera mezua igorri. Auzokonposta egiten dutenek %20ko hobaria jasoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide