Afrikako doinu eta dantzak lotura

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 23a

Ezkerretik hasita, Txintxilla, Agirre eta Toure Kultura askotako pertsonen arteko laguntasuna eta elkar ulertzea du oinarri Nimba Elkarteak. Dantza, musika eta kultura afrikarra bihotzean daramaten hiru lagun bildu, eta familia handi bat osatu dute, Afrikako ohiturari jarraituz, komunitate bat sortuz. Hasiera batean Senegalgo, Gineako Errepublikako edo Maliko pertsonen eta euskaldunen artean alde handiak daudela dirudi.  «Baina denok pertsonak gara, eta hori da garrantzitsuena. Ez da gauza bera Donostian edo Konakrin (Ginea) jaiotzea kulturari eta ohiturei dagokionean, baina desberdintasunak gaindi daitezke», dio Agirrek. Marie Toure ginearrarentzat elkar ulertu nahia da kulturen arteko harreman onaren giltza. «Bi pertsonak elkar ezagutzen ez badute ere, biek ondo moldatzeko gogoa badute, harreman ona izango dute. Horretarako, oso garrantzitsua da elkar ulertzea. Nimba Elkarteak hori nahi du, hain zuzen ere: zumaiarrei Mendebaldeko Afrikako musika, dantza eta kultura ezagutaraziz kulturen arteko harremana sendotzea», azaldu du ginearrak. Aldeen gainetik Pertsonen arteko harremanak kultura eta ohitura desberdintasunen gainetik daudela uste dute Marie Tourek, Anne Agirrek eta Andoni Txintxillak. «Kultur talkak daudenean garrantzitsua izaten da eseri eta gaiaren inguruan hitz egitea. Nik jakin badakit Euskal Herria ez dela Afrika», dio Tourek. «Bi mundu oso desberdin dira, eta askotan jendeari azaldu egin behar izaten diot nolakoa den nire kultura. Euskaldunak bertara joaten direnenean, berriz, errazago ulertzen naute. Bizitzeko beste modu bat dugula ikusten dute bertatik bertara, izan ere». Anne Agirre eta Andoni Txintxilla duela urtebete izan ziren Ginean. «Ondoan duzun pertsona ezagutzeko garrantzitsua da bere kultura ezagutzea, eta horretarako onena herrialdea bera ezagutzea izaten da. Marie gurekin bizi zenean, egiten zuen hainbat gauza ez nuen ulertzen. Baina Gineako Errepublikara joan ginenean, ikusi nuen jende guztiak horrela egiten zituela gauza horiek. Haien kultura horrela dela ikusi nuen, alegia» adierazi du Agirrek. «Azken finean, pertsona guztien helburua zoriontsua izatea da», dio hirukoteak, eta denek hori argi izan behar dutela uste du. «Ni duela bi urte iritsi nintzen Zumaiara, eta hasieratik jendearekin harreman ona izaten saiatu naiz. Horretarako, kaletik ezagutzen dudan jendea adeitsu agurtzen saiatzen naiz; haiekin harreman ona izaten, alegia». Izan ere, Mendebaldeko Afrikako bizimoduan komunitate sentimendua oso garrantzitsua da. «Guk gure bizitzaren zati handi bat kalean egiten dugu. Etxean lotarako sartzen gara». Ildo horretatik, Afrikako familia kontzeptua, esaterako, eta Euskal Herrikoa «oso desberdinak» dira. «Hemen familiak kide gutxi izaten dituzte; familia nuklearretan banatzen gara nagusiki. Afrikan, berriz, etxe batean jende asko bizi da, eta denek osatzen dute familia. Horregatik, haurren heziketa oso desberdina izaten da. Hemen gero eta arraroagoa da bizilagunaren seme-alabei zerbait gaizki egin badute errieta egitea. Afrikan hori normala da. Umeak ez du ama bakarra izaten; ama, aita, osaba eta izeba asko izaten ditu, eta denek zuzenean hartzen dute parte haurraren heziketan», azaldu du Agirrek. «Seme-alabak ondo hezi nahi baditugu, gainontzekoenak ondo hezten ere lagundu behar dugula uste dugu gure kulturan. Nik zorte handia izan dut. Familia bat dut hemen; Anne ahizpa dela sentitzen dut, odol berekoa balitz bezala. Bere amari ama hots egiten diot, eta nire semeak Anneren amari amama deitzen dio, eta aitari attitte», dio Tourek. Musika eta dantza oinarri Mendebaldeko Afrikako herrialdeetan musika eta dantza komunitatearen bilgunea izaten dira. «Perkusioak eta dantzak Afrikako kulturan oso oso garrantzitsuak dira, oinarria dira. Umeek ez dute beren kultura ulertzen erritmorik gabe. Umeak txikiak direnean, esaterako, amaren gainean egoten dira, eta ama artoa eta arroza ehotzen ari denean bere erritmoa sentitzen dute. Horretaz gain, haurrek kalean jolasten dute eta kalean jendeak musika jotzeko eta dantzan egiteko ohitura handia duenez, txikitatik ikusten eta probatzen dute hori; ikusten dutena imitatzen dute, eta pixkanaka kalean dantza egiten ikasten dute». Horretaz gain, Guineako Errepublikan ballet izeneko dantza eta musika taldeak ere badituzte. Askotarikoak dira formatuak. «Ni horrelako bateko kidea nintzen, eta mundu osoa zeharkatu dut herrialdez herrialde afrikarron dantzak eta musika ezagutaraziz», azaldu du Tourek. Nimba Elkartearekin mendebaldeko afrikarrek musika eta dantza sentitzeko duten modu berezia eta euren kultura ezagutarazi nahi dituzte. «Horren inguruko ikastaroak, erakustaldiak, hitzaldiak edota kale-jirak antolatzeko prest gaude; baita janari afrikarra ezagutaraztekoa ere». Mendebalde «etnozentrista» Nimba izena aukeratu dute elkartearentzat, Nimba Gineako Errepublikako ikur nagusia delako. «Nimba emakumea irudikatzen duen aitzinako egurrezko eskultura bat da, eta Ginea hitzak susu hizkuntzan emakumea esan nahi du». Mendebaldeko gizartean askok aurkakoa usten badu ere, «emakumea oso oso garrantzitsua da Afrika mendebaldeko kulturetan. Gineako Errepublikaren kasuan, emakumea da herrialdea aurrera ateratzen duena; emakumeak egiten du lan, emakumeak hezten ditu seme-alabak, eta herrialdeak berak ere emakume izena du». Europatik emakume afrikarraren inguruan ematen den ikuspegia, berriz, «oso etnozentrista» dela uste du Agirrek. Hedabideetan, oro har, Afrikari buruz ematen duten ikuspegia ere ildo berekoa dela uste dute Nimbako kideek. «Gure kultura, ohitura, erlijioa eta bizitzeko modua toleranteena eta egokiena dela uste dugu. Horregatik, gainontzekoak oker azaltzen ditugu. Komunikabideetan Afrikaren irudi tristea eta pobrea ematen da askotan. Errealitatearekin alderatuz gero, oso bestelakoa da. Afrikarrek beste balio batzuk dituzte. Guk baino gutxiago behar dute bizitzeko, baina oso jende zoriontsua eta alaia da, bizitzeko gogoa gainontzekoei zabaltzen diena», nabarmendu du Agirrek. «Guk gauza materialei ez diegu hemen ematen zaio garrantziarik ematen. Oinarrizko gauzak behar ditugu ondo bizi ahal izateko. Azken finean, hiltzen garenean horiek denak lurrean geratuko dira, ez ditugu gehiago beharko», azaldu du Tourek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide