Iazko Zumaiako Txakur Lasterketako irudi bat. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Otsailaren 3an Zumaiako II. Txakur Krosa jokatuko dute herriko kaletan zehar, eta aurtengoan kirola herritar orori zabaltze aldera, 7 kilometroko ibilbideaz gain, bi kilometroko txakur lasterketa herrikoia ere antolatu dute. Zumaiako Udaleko Kirol teknikari Fran Aizpuruak hala azaldu du: «Herritarrak txakur lasterketetan murgiltzeko aukera paregabea izango da otsailaren 3ko lasterketa herrikoia, eta zumaiarrak eta eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera animatu nahiko genituzke».
Otsailaren 3an, 10:30ean ibilbide motza duen lasterketa hasiko da, eta gero, 11:0etatik aurrera, zazpi kilometrokoa abiatuko dute.
Horietan parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean izango dute izena emateko aukera.
Probatzeko aukera
Txakur lasterketetan murgildu edo horietan parte hartzea probatu nahi dutenentzat, 7 kilometroko ibilbidea «gehiegi dela» uste dute antolatzaileek. Horregatik sortu dute lasterketa herrikoia. «Txakur lasterketetan, distantziaz gain, txakurraren kontzentrazioa ere garrantzitsua da. Normalean, txakurrek jabearekin korrika egiten dutenean, bakarrik joaten dira. Lasterketetan parte hartzera ohituta ez dauden txakurrek, baina, elkar oztopatzen dute. Txakurrak lasterketetan nola moldatzen diren ikusteko aukera polita da».
Lasterketa herrikoia eta kros nagusia egin ondoren, haurrei zuzendutako txakur krosa egiteko asmoa ere badute antolatzaileek. «Alai auzoan zirkuitu txiki bat jarriko dugu eta haur bakoitzak bere txakurrarekin kirola probatzeko aukera izango du» adierazi du Aizpuruak.
Kirol zaletasuna sustatuz
Krisi garaian herri askotan lasterketak eta kirol probak bertan behera uzten ari badira ere, Zumaian herri lasterketen aldeko apustua egin dute azken urteetan. «Guretzat garrantzitsua da herritarrak kirola egitera animatzea. Herrian kirola egiteko giroa eta zaletasuna badago, eta zumaiarren erantzuna gero eta hobea dela antzematen dugu. Duela zenbait urte, esaterako, herritarrak kirol federatuan parte hartzeko joera handiagoa izaten zuten. Orain, aldiz, asko dira kirol federatuan ibilbidea amaituta, eta sasoian egonda, beren kasara entrenatu eta herri mailan kirola egitera animatzen diren zumaiarrak», azaldu du Zumaiako Udaleko Kirol teknikaria.
Zaletasuna sustatzeko ildo horretan, Zumaiako Udalak askotariko kirolak probatzeko aukera eman nahi die zumaiarrei, eta horregatik antolatu du urtean zehar hainbat proba herrikoi.
Pedro Etxeberria, txakur lasterketetako parte-hartzailea
«Lasterketan garrantzitsuena txakurra korrikalariaren aurretik joatea da»
Duela lau urte Errenteriako Txakur Lasterketa probatu, eta ordutik Espainia mailako hainbat txapelketa irabazi du Pedro Etxeberriak (Zumaia, 1975). «Oso gustuko» du kirola, eta txakur lasterketak zumaiarren artean zabaltze aldera, herri mailako lasterketa antolatu du, Zumaiako Udalarekin elkarlanean.
Zer dela eta bururatu zaizue herri mailako txakur lasterketa antolatzea?
Beste herri batzuetan ere probatu izan dute herri mailako txakur lasterketak antolatzea. Zazpi kilometroko ibilbideak aldapa dezente ditu, eta hasi nahi duenaretzat gogorregia zela iruditu zitzaigun. Horregatik, bi kilometroko bat antolatu dugu Zumaian bertan, kirol hori lehen aldiz probatu nahi dutenei zuzendua.
Txakur lasterketetan zer izaten da garrantzitsua?
Garrantzitsuena txakurra korrikalariaren aurretik joatea da, txakurra alboan edo atzetik joanez gero epaileek zigortu egiten baitute. Hasiera batean, txakurrarekin korrika ibiltzen ez denarentzat hori da zailena, paseatzera ohituta dagoen txakurra alboan edo atzetik joaten baita. Bestetik, kontuan hartu behar da txakurrak eta korrikalariak talde bat osatzen dugula. Bien arteko elkar ulertzea oso garrantzitsua da.
Lasterketan parte hartzen ere jakin behar dute txakurrek, ezta?
Irteera unean 80 txakur biltzen direnean, urduri jartzen dira. Ohituta dagoen txakurra irteera eman bezain laster mututu egiten da, eta tiratzen hasten. Gutxi ibilitakoa, berriz, beste txakurrengana joaten da. Zumaian egingo dugun herri lasterketak txakurrak gisa horretako lasterketetara ohitzeko balioko du.
Prestaketa berezia behar izaten al dute txakurrek?
Berezia baino gehiago, ordu askotako praktika behar dute. Nik, adibidez, nirekin korrika egitera eramaten dut txakurra. Mendian goazenean libre joaten da, eta entrenatzen ari garenean lotuta. Txakurrak dagoeneko badaki aurretik joan behar duela, baita zein momentutan tira behar duen eta aldapan behera erritmoa lasaitu behar duela ere. Txakurren artean, pertsonen artean bezala, denetik izaten da; batzuk berehala ohitzen dira, eta besteei gehiago kostatzen zaie.
Txakurraren tamaina garrantzitsua izaten al da?
Hasiera batean ez du zerikusirik, baina txakurra handia bada eta sasoian badago, txikia eta eskasa denak baino gehiago tirako du.