Forondan eta San Jose komentuan, ekitaldi zibilak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 18a

Zumaiako Udalak «gizartean gero eta eskaera handiagoa» duen behar bati erantzun dio. Aurrerantzean ekitaldi zibilak Forondan zein San Jose komentuan egin ahalko dira. «Estatu ez konfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta elkarteen askatasun ideologiko, erlijioso eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dute. Horretarako muga bakarra legeak ezartzen duen ordena publikoa errespetatzeko beharra da», azaldu dute udaletik. Ildo horretatik, «erlijiorik gabe bizitzea aukeratu duten herritarrei zeremonia duina eta pertsonala egiteko aukera eskaintzeko»,  udal lokalen edo espazio publikoaren erabilera eta baimena arautzen duen ordenantza sortu du . Abenduaren 26ko plenoan onartu zuen Udalbatzak ordenantza hori, aho batez. Helegiterik egon ezean, behin betikoa izango da erabakia. Udalerrian erroldatutako herritarrek udaletxean edota Udaltzaingoaren bulegoan egin beharko dute eskaera, eta alkateak edota dagokion zinegotziak baimenduko du bi eraikin historikoetako batean hiletak, ezkontzak edo bestelako omenaldiak ospatzea. Dena den, aparteko izaeraz, beste espazio publikoak erabiltzea baimen dezake udalak. Astelehenetik larunbatera Interesa dutenek honako datuak zehaztu beharko dituzte eskaera egiterakoan: eskatzailearen datu pertsonalak; ekitaldia zuzenduta dagoen pertsonaren izen-abizenak; ekitaldi zein egunetan, zein ordutan eta zein eraikinetan egin nahi den eta ekitaldiaren deskribapen laburra. Jakinarazi dutenez, «ahal den neurrian» errespetatuko dituzte eskatzaileak lehenetsitako eguna eta ordua; hala ere, alkateak edota dagokion zinegotziak izango du azken hitza. Ekitaldi zibilak astelehenetik larunbatera egingo dira: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 21:00etara, eta larunbat eta jaiegunetan—igandetan izan ezik—, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00-21:00 bitartean. Ospakizunerako beharrezko materiala udalak utziko die herritarrei; megafonia, aulkiak eta mahaiak, kasu. Era berean, antolatzaileek udal lokala apaindu nahi badute, aurrez jakinarazi beharko dio Udaltzaingoari. Ekitaldi zibilak irauten duen bitartean Udaltzaingoa izango da inguruan, ekitaldian arazorik izan ez dadin bermatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide