Birziklatzeko poltsak banatzen segitzeko eskaera Zumaian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 17a

Urola Kostako Udal Elkarteak poltsa konpostagarririk ez banatzea erabaki zuen 2012ko abenduan. Mankomunitateko lehendakari Amaia Guruzetak jakinarazi zuen poltsak doan banatzeak, gaurko erabiltzaileen kopurua aintzat hartuta, 168.000 euro inguruko kostua ekarriko liokeela erankundeari 2013an. Krisi ekonomikoaren ondorioz eta udalek eta udal elkarteak izandako murrizkeak kontuan hartuta, mankomunitateak bosgarren edukiontziaren sistema aldatzea erabaki zuen. Horregatik, urtarrilaren 1etik aurrera ez ditu poltsok banatzen. Ildo horretan, Zumaiako Birziklapena bai, Atez Atekoari Ez plataformak udal elkarteak hartutako neurria salatu du. «Udalak eta udal elkarteak bilketa sailkatua sustatzerakoan ez dutela kudeaketarik salatu nahi dugu. Dagoeneko ez dute poltsa konpostagarririk banatzen, aurrerantzean erosi egin beharko ditugula esanez. Erostearekin ados gaude, baina asteak joan eta asteak etorri, hondakin organikoa jasotzen dugun herritarrok ez dugu poltsak non erosi», azaldu dute. Zumaiako Udalak, berriz, jakinarazi nahi du Zumaian eros daitezkeela 5. edukiontziarentzat baliagarriak diren poltsak. Salgai non dauden jakin nahi dutenek udaletxera jo edo 943-86 50 25 telefono zenbakira hots egin behar dute. Bertan esango zaie non eskuratu ditzaketen. Herritarren kontzientziazioa Urola Kostako Udal Elkarteak poltsa banaketa eteteko eman zuen arrazoi nagusia ekimena garestia dela da, eta atez atekoaren aurkako plataformako kideen iritziz, urtean familiako 22 euro soilik kostatzen zaie erakundeei neurria. «Modu horretan herritarrek gaika gehiago sailkatzea lortuko bada, mantendu beharreko neurria dela uste dugu», azaldu dute. Atez ateko hondakin bilketaren kontrako plataformako kideen iritziz bosgarren edukiontziaren sistemaren bidez herritarrek zaborra gaika sailkatu eta bildu dezaten «baliabideak eta erreztasunak jarri behar ditu» Zumaiako Udalak. «Herritarrak kontzientziatuz gero, uste dugu atez ateko sistemarekin lor daitezkeen emaitza berak lortuko ditugula. Baina horretarako udalak borondatea jarri behar du, eta ez oztopoak». Horregatik, plataformako kideen iritziz garrantzitsua da aurrerantzean herritarrak kontzientziatzeko ekimenak burutzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide