Argazkietan, euritea Urola Kostan

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 15a

Zarauzko Abendaño auzoan, ura errepidean (Argazkia: Zarauzko Udala) Azken orduetan euriteek hainbat kalte eragin dute eskualdean, eta Azpeitiko Udalak ohartarazi duenez, uholde arriskua dago bertan; hori hala izanik, autoak garajeetatik ateratzeko dei egin die herritarrei. Atzo iluntzean Zarauztik Zumaiarako errepidea itxi zuten; udaltzainek Nafarroa kalean, Narros jauregiaren parean, panel informatiboa jarri zuten errepide mozketaren berri herritarrei emateko. Oraindik ere itxita jarraitzen du N-634 errepideak bi herrion artean. Hori dela eta, trafikoa Meagatik bideratzen ari dira.   Loiola inguruko errepideak itxura hau zuen eguerdi partean (Nerea Uranga/Hitza)   Urola ibaia hazi-hazi eginda, Azpeitian Madalena auzoan (Ane Olaizola/Hitza)   Santio auzoan urak gainez egin du, eta datozen orduetan egoerak okerrera egin dezake, marea igotzen denean (Aiora Larrañaga/Hitza) Errepidera ere iritsi da ura Orioko Santio auzoan (Aiora Larrañaga/Hitza)   Azpeitian, menditik ur asko iritsi da errepidera Loiolabidean (Nerea Uranga/Hitza)   Era berean, atzo 23:10a aldera, KSB-ITUR enpresako segurtasuneko langileak Zarauzko Udaltzaingora deitu zuen lantegiaren aldameneko errepidea, Errotaberrirantz doana, urez beteta zegoela jakinarazteko. Hori dela eta, udaltzainek errepidearen bi aldetan hesiak jarri zituzten ibilgailuak bertatik ez pasatzeko. Gaur goizaldera kendu dituzte hesiak, ibaiak errepidean pilatutako ura eraman ondoren. Zumaian ere izan dira kalteak. Gaur goizaldean, esaterako, Ardantzabide kalean zein Estazioko auzoan uholdeak izan dira. Azken horretan suhiltzaileen laguntza behar izan dute urak sortutako arazoak konpontzeko. Ardantzabiden kaleak urez bete dira, itsasgoraren eta euritearen ondorioz. Horrez gain, parol bidea ere itxi dute.

Itsasgora 18:00etan izango da, eta euri-jasak jarraitzen badu, zenbait lekutan arazoak sor daitezkeela aurreikusi du Zumaiako Udalak. Ondorioz, kalteak sor daitezkeen guneen egoera zaindu eta behar diren neurriak hartuko ditu; arratsalde partean kale edo zonalde batzuk itxi beharra izango dela jakinarazi dute, Ardantzabide, adibidez.

 Hori dela eta, Zumaiako Udalak herritarrei arretaz ibiltzeko eskatu die. Euri zein haizetetik babesteko eskatu die, eta arratsaldean mareak gora egingo duenez, ibilgailuak leku seguruan uzteko.

Aian, Andatza auzoan arazoak izan dira, San Pedro errekak gainezka egin ostean.

Haizetea eta euriteagatiko alerta laranjak bihar arte iraungo du.

 Errepideen inguruko informazio eskuratzeko:  902-11 20 88 zenbakian eta trafikoa.net webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide