Alberto Gorritiberea: «Niretzat esperimentu bat izango da ikastaroa»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 8a

(Olatz Prat/Urola Kostako Hitza)   Alberto Gorritiberea (Gasteiz, 1970) zinema zuzendariak, datozen asteetan ikus-entzuneko ikastaroa emango du Zumaian, herritar orori zuzenduta. Saioekin ikus-entzunekoak landuz lortu nahi duena izan du hizpide UROLA KOSTAKO HITZA-rekin. Zer landuko duzue ikus-entzunezko ikastaroan? Ikus-entzunezkoek gaur egun duten presentzia eta erabilera ikusita, horiek lantzerako orduan formalitatea kendu nahi diet. Denok erabiltzen ditugu ikus-entzunekoak sortzeko aukera ematen duten tresnak: bideo kamerak, argazki kamerak, sakeleko telefonoak eta tabletak, besteak beste. Horregatik, herritarrek ikus-entzunekoen sorkuntza normaltasunez ulertzea nahi nuke, idaztea egunerokoaren parte dela ulertzen dugun bezala. Horretarako beharrezkoa da oinarrizko ezagutza batzuk izatea eta horiek erakutsi nahi dizkiet nik herritarrei. Herritar orok izango al du ikastaroan parte hartzeko aukera? Bai, ikus-entzuneko bat grabatzeko tresnaren bat duen orok parte hartu dezake ikastaroan. Gainera, askotariko soslaia duten herritarrak bertan parte hartzea nahiko nuke, modu horreta batzuk besteengandik ikasteko eta ideiak partekatzeko aukera izango baitugu. Nola antolatuko duzu ikastaroa? Nik tutoretzak emango ditut. Hasiera batean, grabatzerako orduan kontuan hartu beharreko azalpen batzuk emango ditut. Ondoren, ikasleek euren kasara irudiak grabatuko dituzte sortu nahi duten ikus-entzunekoaren arabera. Grabaketa prozesua egiten ari direnean, ikasle bakoitzaren jarraipena egingo dut, eta gomendioak emango dizkiet. Horretaz gain, ikus-entzunekoa muntatzeko ordenadorea ere izango dugu, eta zati horretan kontuan hartu beharreko aholkuak emango ditut. Aurretik mota horretako ikastarorik eman al duzu? Niretzat, ikasleentzat bezala, esperimentu bat izango da. Horrelako zerbait egiteko gogoa nuen. Ikus-entzunekoek geure egunerokoan duten garrantzia ikusita, normalizazio lan bat egin beharra dagoela uste dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide