Azpeitian eta Zumaian, urte amaiera bertsorik bertso

Aritz Mutiozabal 2012ko abenduaren 21a

[caption id="attachment_53444" align="alignleft" width="248" caption="Txapelen omenezko bertso jaialdian aipamen berezia egingo diete Imanol Lazkanori, zendu berri den Joxe Agirreri eta Joxe Lizasori (Argazkia: Ion Aranburu)"][/caption] Sanikolasetako bertso jaialdia izan zen aurrena, eta Zarauzko Kopla Txapelketa hurrena. Abendua errimaz jantzirik iritsi zen, eta modu berean agurtzeko itxura guztia du. Astebukaera honetarako, esateraok, bi jaialdi antolatu dituzte: Txapelen omenezkoa, Azpeitian, eta bertsolari gazteena, Zumaian. Hori gutxi balitz, gaur zortzi Azpeitiko Bertso Parrandako finala jokatuko dute. Izen direlako gera lelopean antolatu du Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Txapelen omenezkoa. Saioa igande honetan izango da, eta, bertan, aipamen berezia egingo diete Joxe Lizaso, Imanol Lazkano eta zendu berri den Joxe Agirreri. Horretarako, Sanagustin kulturgunea plaza bihurtuko dute, 17:30etik aurrera, eta Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Imanol Lazkano bera ariko dira bertsotan. Gai jartzaile ardura, berriz, Laxaro Azkunek hartuko du. Sarrerak 6 eurotan eskuratu daitezke aurretik, Sanagustinen eta Orkatzen, eta egunean bertan, berriz, 8 eurotan. Azpeitian jarraituz, urteko azken ostiralean, hilaren 28an, Bertso Parrandako finala jokatuko dute gaztetxeko taula gainean.  Kanporaketa bidez, bi talde iritsi dira azken txanpara: Sipien (Silvia Etxaniz, Jokin Sudupe Pio eta Eneritz Artetxe) eta Iruxe (Iban, Ruben eta Josu Oiarzabal Xenpelar) aurrez aurre. Ekitaldia gauez izango da, eta 23:00etan emango diote hasiera parrandari. Zumaiako Bertso Astea Zumaiako Bertso Eskolak bertsolari gazteen jaialdiarekin ekingo dio aurten ere Bertso Asteari. Emanaldia bihar iluntzean izango da, 22:00etan, Torreberri gaztetxean, eta honako bertsolariak hartuko dute parte: Maialen Velarde, Izar Mendiguren, Aimar Karrika, Xabat Galletebeitia, Maddi Sarasua eta Xabi Igoa, hain zuzen ere. Era berean, Bota bertso bat le­hiaketa abian jarri dute. Iritsi da gaiaren harira, bertsoak paperean idatzi eta herriko ohiko tokitan jarri dituzten kaxatan aurkeztu ahal izan dituzte, abenduaren 25a bitartean. Nahi dutenek zumaiakobe@gmail.com posta elektronikora bidali ditzakete beren bertsoak. Irabazleak bi lagunentzat Talaipe jatetxean afaria eskuratuko du. Saria hilaren 28rako antolatu duten bertso afariko tarte batean banatuko dute. Afari legea Beheko Plaza jatetxean egingo dute, 21:00etatik aurrera, eta bertso jardunean Agin Rezola eta Unai Agirre ariko dira. Afarirako txartelak  20 eurotan jarri dituzte salgai, Zumaiako Turismo bulegoan, Inpernupe tabernan eta Beheko Plaza jatetxean bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide