
Horrez gain, udal elkarteak eta udalek tokiko prebentzio plana osatu eta gauzatuko dutela aurreratu dute, epe ertain eta luzera hondakinak murrizteko helburuarekin. Azarotik maiatzera bitartean egingo dute plan hori, eta ondoren aurkeztuko dituzte ondorioak.
ORAIN ARTEKO DATUAK
- Olioa: Hondakinak gaika biltzeko hainbat kanpaina ere egin dira. Esaterako, etxeko olioa bereiztuta biltzeko kanpaina jarri zen abian urrian. Kanpaina horren bidez etxeko olioa birziklatzeko ohitura sortzea da helburua. Gainera, olioa kalean dauden olio edukiontzietan uzten dutenek, bi lagunentzako bazkari edo afaria irabazteko aukera dute. Kanpainaren hasieran eskuorri batekin batera banatu ziren itsaskorretan norbere datuak idatzi eta potoari itsatsi behar zaio, zozketan sartzeko. Kanpaina hau 2013ko abenduaren 31 arte izango da abian.
- Organikoa: Zumaian, 2008. urtetik biltzen da hondakin organikoa gaika. Uztaila hasieran, hondakin organikoa bereiztuta jasotzeko bosgarren edukiontziak ikastarorik egin gabe banatzen hasi aurretik, 804 etxetan zuten giltza. Gaur egun, berriz, 2.172 etxebizitzetara heldu da hondakin organikoa gaika biltzeko edukiontzi txikia eta giltza. Hala ere, Zumaiako Udalaren datuen arabera, 4.328 etxebizitza daude herrian; beraz, herriko etxeen erdietan dute organikoa gaika biltzeko materiala.
Organikoaren datuei erreparatuz gero, abuztura arte giltza duen erabiltzaileko kilogramo kopurua ordura arte goraka zioan bezala, hilabete gutxian behera egin du. Hau da, urtarriletik abuztura bitartean giltza zuen erabiltzaileko 0,67kg jasotzen ziren egunean. Abuztutik urrira bitartean, berriz, 0,47kg jasotzen dira. Oraindik organikoa gaika biltzen ez den etxe horietako kideak Zumaiako Udalak udaletxean 5. edukiontzia eta giltza jaso eta hondakin organikoak ere bereiztuta biltzen hastera gonbidatu dituzte, "gaikako bilketa eta hondakinekin arduratsu jokatzea guztion eginbeharra baita".
- Auzokonposta eta autokonposta: Organikoa bereiztuta jasozteaz gain, beste urrats bat eman asmoz, autokonposta eta auzokonposta egiteko aukera ere bada Zumaian. Etxean zelai, lorategi edota baratzeak dituzten pertsonek autokonposta egiteko aukera dute. Halaber, abiatu berri dute konposta herriko berdegune publikoetan auzolanean egiteko kanpaina ere. Hasierako asmoa, bi konpostagune jartzekoa bazen ere, herritarrek auzokonposta egiteko azaldutako interesa dela-eta, sei konpostagune jarriko dira herriko txoko ezberdinetan.
"Autokonposta eta auzokonposta egiteak onura besterik ez dakar. Ingurumenari egiten diogu onura, izan ere, hondakin organikoak gaika biltzeaz gain, zirkulaziotik ateratzen ditugu, eta horrela, garraio zein tratamendu kostuak ekiditen dira", diote udaletik. Hori horrela, Zumaiako Udalak autokonposta eta auzokonposta egiten duten herritarrei zaborraren tasan %20ko hobaria aplikatuko die.