Guascorreko langileek egunean bi orduz lanuztea egitea adostu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko abenduaren 12a

[caption id="attachment_52976" align="aligncenter" width="350" caption="Guascorreko langileak lanuztea egiten (Aiora Larrañaga/Hitza)"][/caption] Oikiako Guascor enpresako langileek eguneko lanaldian bi orduko lanuztea abiatu zuten atzo goizean. Datorren urterako aurreikuspenen arabera ekoizpena jaitsi egingo dela azaldu du zuzendaritzak, eta horren aurrean 18 langile kaleratu nahi ditu. Beharginak ez daude neurriarekin ados, eta hori erakusteko atzo 11:30ean 80 langile inguru lanpostua utzi eta enpresaren atarira atera ziren. Arratsaldeko txandakoek ere ordubeteko lanuztea egin zuten, 16:00etatik aurrera. Langileak negoziatzeko prest Enpresak ez duela galerarik azaldu dute langileen ordezkariek, eta beharginak kaleratu aurretik beste neurri batzuk negoziatzeko prest agertu dira. «Duela 15 egun enpresako zuzendaritzak adierazi zigun 18 lagun kaleratuko zituela. Enpresa multinazionala denez, langileek atzerrira lanera joateko aukera izango zutela azaldu zigun hasiera batean. Baina elkarrizketa batzuren ondoren argi geratu da erabakia ez dagoela langileen esku, enpresak horretarako nahi duen soslaiaren araberakoa dela baizik». Langileek negoziatzeko prest daudela jakinarazi zioten enpresari, kaleratzeak «negoziazio mahai gainetik kentzen» bazituzten. «Proposamen batzuk egin genizkien [zuzendaritzako kideei]; errelebo kontratoak eta prejubilazioak egitea, esaterako. Gainera, soberan leudeken langileen arabera lan orduak eta soldata murrizteko prest geundekeela ere adierazi genien. Gaur arte ez dugu erantzunik jaso, eta horregatik erabaki genuen langileen batzarra egin ondoren protesta moduan lanuztea abiatzea. Enpresako zuzendaritzatik jakinarazi ziguten mobilizazioa hasiz gero, ez zutela nagoziatuko»,zehaztu dute langileen ordezkariek. Dena dela, atzo arratsaldean Guascor enpresako zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu zen, eman beharreko urratsak negoziatzeko. Langileen ordezkariek Hitza-ri jakinarazi diotenez, aurreko jarrerari eutsi zion zuzendaritzak, eta horren aurrean lanuzteekin jarraituko dute. «Galerarik ez» Espainiako Gobernuak indarrean jarritako lan erreformak aukera ematen die enpresei ekoizpena jaitsiz gero langileak kaleratzeko. «Hemen motorrak egiten ditugu, eta ordezko piezekin ere lan egiten dugu. Egia da motorren ekoizpena jaitsi egin dena, baina enpresak ez du galerarik. Horregatik, proposatu dugu kaleratzeak alde batera utzi eta beste neurri batzuk ezartzea», azaldu dute. KSB Iturren ere lanuztea Guascor enpresa ez da lanuztea egiten ari den bakarra. Gaur bertan KSB Itur enpresako langileek ere lanuztea egingo dute 10:00etatik 12:00etara, lan itun duin bat aldarrikatzeko asmoz. TS Fundicionesen ere greban daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide