[caption id="attachment_52970" align="aligncenter" width="300" caption="Goenkale. Kondesaren erretratua antzezlana ikusteko aukera izango da Aita Mari antzokian (Argazkia: Glu glu-Pausoka)"]

[/caption]
ETBko telesail klasikoaren jarraitzaileentzako «oparia» da
Goenkale. Kondesaren erretratua antzezlana. Dena dela, horrek ez du esan nahi telebistako korapilo bera jarraituko duenik. «Askok galdetu digute ia 20 urte hauetan telesailan gertatutakoa laburbildu dugun oholtza gainerako. Hasieratik argi eta garbi utzi nahi izan dugu ez dela hori izan gure helburua», dio antzezlanaren egile Kepa Errasti aretxabaldarrak.
Goenkale-ko oraingo eta lehengo pertsonaia batzuk hartu eta beste egoera batean elkartu dituzte, bestelako kontakizun bat aurkezteko. Ostiral honetan, 22:00etan hasita, Zumaiako Aita Mari antzokian izango da ikusgai.
Landetxe batean dagoen erretratuetako bat da kondesarena, eta landetxe horretatik pasatuko dira
Goenkale-ko sei lagun: Ibon (Xabier Perurena), Eider (Ylenia Baglietto), Andoni (Felix Arkarazo), Itsaso (Maria Cruickshank), Rakel (Yannick Vergara) eta Nelson (Carlos Nguema). Erretratu horren bueltan gertatuko dira gertakari guztiak. Errasti bera aktore lanetan hasi zen telesailean, baina bere pertsonaia ez da obran azalduko: «Nire pertsonaiak ez luke leku handirik izango istorio horretan».
Aktore lanak aparte utzita, Pausoka ekoizpen etxeko gidolari talde batekin elkarlanean landu du antzezlana Errastik. «Pauta batzuk eman zizkidaten, istorioaren nondik norakoak azalduz, eta nik gorpuztu egin dut». Enkargua «errespetuz» hartu zuen gidoilariak: «Niretzat erronka handia izan da, aurretik ez baitut antzerkirik idatzi. Badaramatzat lau urte
Goenkale telesaileko dialogoak idazten, eta beste gauza batzuk ere idatzita neuzkan, baina beti ikus-entzunezkoen alorrean. Antzerkia ikasitakoa naiz, baina antzerkia idaztea beste kontu bat da».
Antzezlanean telesailari horrenbesteko arrakasta eman dioten osagaiak erabili dituzte. «Telesailaren beraren izpiritua oholtza gainera eraman nahi izan dugu. Ekoizpen etxeak eta zuzendariak garbi zuten genero asko nahastu nahi izan dituztela. Oro har, komedia bat izan nahi du, baina, distantziak gordeta, Agatha Chistieren kutsua duen intrigazko istorio batean», aditzera eman du.
Goenkale-ko zaleek eta zale ez direnek jarraitzeko moduko antzezlana da Kondesaren erretratua. «Badaude erreferentzia txiki batzuk, hasiera-hasierako eta azken urtetako xehetasunen ingurukoak, baina aparteko istorio bat denez, edonork uler dezake inolako arazorik gabe. Jakina, jarraitzaileek berehala identifikatzen dituzte pertsonaia horiek eta beren kodeak, aldez aurretik ezagutzen dituztelako. Hala ere, ikusle orok segi dezake antzezlan honen haria, ez baita beharrezkoa telebistako gertakarien berri izatea».
Urrian estreinatu zutenetik, antzokiz antzoki ibili dira eta harrera beroa jaso dute. «Jarraitzaileak, zaleak izateaz gain, hau zer den ikusteko kuriositatez ari dira gerturatzen antzerkira. Oro har. espero nuena baino barre gehiago egiten dute. Eta hori pozgarria da», azaldu du. Azken finean, telebistan duen arrakasta agertoki gainean islatzen ari da.