Zumaiako Okin enpresako Langile Batzordeak greba deialdia egin du gaurko, patronalarekin enpresako hitzarmena negoziatzeko dituzten arazoak direla eta.
Langile batzordetik jakinarazi dutenez, maiatzetik daramate enpresa mailako hitzarmena negoziatu nahian. «Eta Okineko zuzendaritza ez dago prest, langileok orain arte izan ditugun eskubideak bermatzeko akordioetara iristeko», zehaztu dute.
Orain artekoa bermatu ezinik
«2012an Alderdi Popularrak indarrean jarritako Lan Erreformaren arabera, 2013ko uztailerako probintzia mailan ditugun lan hitzarmen guztiak ez badira negoziatzen eta berritzen, bertan behera geratuko dira, eta hainbeste urtean lortu ditugun eskubideak galduko ditugu langileok», adierazi dute. Egoera hori ezagututa, Okineko Langile Batzordeak enpresa mailako hitzarmena negoziatzea proposatu zion zuzendaritzari.
Langile batzordeak negoziazioa bi ataletan banatzea proposatu zuen. «Alde batetik, orain arte izan ditugun eskubideak mantentzearen aldeko zenbait puntu jasotzen duen atala. Eta bestetik, puntu horiei eustea onartu ondoren, egun dugun
egoeratik abiatuta zenbait hobekuntza negoziatu nahiko genituzke».
Greba deialdia
Egoerak orain arte bezala jarraituz gero, urtetan lortutako lan eskubideak berriz hitzartu beharra izango lukete langileek. «Zuzendaritza Espainiako Gobernuaren Lan Erreformak eskaintzen dion aukeraz aprobetxatuz, ez lizkiguke urtetako eskubideak bermatuko». «Onartezintzat» jotzen duten egoerari erantzuteko asmoz Okin enpresako Langile Batzordeak bihar eta azaroaren 29an lanuztea egitera deitu ditu langileak, «Hainbeste urtetan lortutako eskubideak galtzeko zori bizian aurkitzen baikaga langileok».