Ander Lipus: "Horrelako titulu batek zer pentsatua ematen du"

Aritz Mutiozabal 2012ko aza. 16a, 11:52

Agertoki barrura sartu: taula gainean aktore bat eta besaulkietan bi ikusle. Ikuskizuna hastear da, eta badirudi emanaldiak askorako eman dezakeela. Antzerkiaren izenean, dena dela posible. Ander Lipus (Markina-Xemein, 1971) antzerkigileak Xabier Mendiguren Elizegi idazleak 1986an argitaraturiko Publikoari gorroto lana antzezteko erronka hartu du, Huts Teatroaren izenean, eta Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren babesarekin. Beraz, kontuz ibili dadila gaur gauean (22:00­etan) Zumaiako Aita Ma­ri antzokira ger­turatzen den publikoa. Hori da izenburu bortitza. Hain esker txarrekoa al da publikoa? Ez, ez da esker txarrekoa. Kontuan izan behar dugu ez dagoela teatrorik publikorik gabe. Antzezlan honetan, ordea, antzokia hutsik dago, eta azken momentuan bikote bat agertzen da. Horrek zain dagoen aktore protagonistari nolabaiteko zirrara sorraraziko dio, eta antzeztu beharrekoa guztiz aldrebestuko du. Horren harira, bi ikusle horiei kristorenak egingo dizkie. Protagonista hori zuk zeuk antzeztuko duzu. Bere lana oso serio hartzen duen aktorea dela dirudi. Oso serio hartzeaz gain, antzerkia asko maite du. Bere emanaldira bi lagun bakarrik joan direla ikusten du, eta teatroaren tranparekin jokatzen hasten da, ikusleari bere ustez antzerkia zer den azaltzeko. Badu bere ukitu eroa, nolabait esateko, eta horren harira bilakatuko da antzezlan guztia. Bere gogoetak eta ekintzak erakutsiz, teatroaren magia, handitasuna, txikitasuna eta barrunbe guztiak aurkeztuko ditu. Teatroari buruzko hausnarketa proposatzen du, beraz. Metateatroa dei al diezaokegu? Hau da, antzerkiaz diharduen antzerkia al da? Alde batetik, hala da. Bestetik, ordea, eguneroko bizitzako gai nagusiak agertzen dira: bizitza bera, heriotza, maitasuna, gorrotoa... Obrak berak beste gai eta egoera batzuetara eramaten gaituz. Ez dago ikusle teatrozaleei bakarrik zuzendua. Hori egiaztatu dugu. Izan ere, antzerkia ikustera horren ohitua ez dagoen jendea ere nahiko inpaktatuta ateratzen da, gertatzen diren ekintzen eta bizipenen aurrean. Era berean, ikuslearen jarrera gizarte honetan nolako izan daiteken azaltzen du; hau da, halako bortizkeria edo botere baten aurrean, nola panpin bilakatu ahal garen. Metafora gisa jokatzen du. Kontakizunean gauza dezente aipatzen dira; betiere, teatroa aitzakia hartuta. Publikoari gorroto antzerki lana duela 25 urte argitaratu zuen Xabier Mendiguren Elizegi idazleak.  Bere horretan antzezten ari al zarete emanaldietan? Moldaketa batzuk egin ditugu testuan, Xabierrekin berarekin elkarlanean, eta hori sekulako abantaila izan da. Pentsa duela 25 urte ez genekiela Internet zer zen. Garai hartan telebistak teatroari bere lekua kenduko ziola esaten zen. Gaur egun, berriz, Internet daukagu; eta saretik oso erraza da anonimatoa mantentzea, etxetik gauzak eginez eta esanez. Teatroa, aldiz, guztiz kontrakoa da: antzokian fisikoki egon behar duzu. Alde horretatik, aldaketa batzuk egin ditugu. Bestalde,  Manex Fuchs zuzendariak bestelako poetikotasun bat eman dio lanari. Pentsatzen dugu jatorrizko bertsioa askoz ere bortitzagoa edo punkiagoa dela, garai hura zen bezalakoxea. Guk pixka bat leundu egin dugu, baina, hala ere, agerian geratzen da teatroaren tranpa: nola dena gezurra den, baina horrek ez duenik esan nahi hor atzean egi bat dagoenik. Idazleak berak zer moduz hartu du taularatzearen ideia? Oso gogotsu hartu du, egia esan. Duela 25 urte idatzi zuela esaten zigun, zaharra balitz bezala. Baina badu bere iraunkortasuna. Antzerkia beti krisian dagoela esaten dugu guztiok. Betiko kontua da. Bada krisi horri aurre eginez, publikoa gugana gerturatzeko itxaropena dugu. Zentzu honetan, gainera, euskal publiko bati euskarazko antzerkia eskainiz. Idazlana antzokira eramateko ideia aspalditik zeneukan buruan. Erronka zaila izan delako behar izan al duzu  taularatzeko horrenbeste denbora? Horretaz gain, nire ibilbide profesionalean beste jauzi bat eman nuen. Lehengo Antzerkiola Imaginarioaren bidea alde batera utzi dut; ez zen posible filosofia horrekin aktore talde bat mantentzea, eta bakarkako bideari heldu diot. Orduan, lan-talde bat sortu behar nuen, obra zuzentzeko prest zegoen lagun bat aurkitu  eta aktoreak bilatu; Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu dira ikuslearen pertsonaiak antzezten dutenak. Hartarako, Huts Teatroa sortu dut, Artedrama plataformaren magalean, eta ideia hau garatu dugu pixkanaka-pixkanaka. Beraz, buru-belarri aritu zarete obraren ekoizpenarekin. Horrelako titulu batek zer pentsatua ematen du, gainera. Nik neuk ere Publikoari gorroto irakurri nuenean, bortitzegia ote zen ala ez zalantzak izan nituen. Deigarria egiten da, behintzat. Oso konbentzituta gaude egiten dugunarekin, eta antzezlanak berak badu ukitu herrikoi bat, jendeari iristen zaiona. Horretarako, buelta asko eman behar izan dizkiogu buruari, baita gauza askori ere, eta gustura gaude azken emaitzarekin. Orain, antzokiz antzoki zabiltzate; joan den astean, esaterako, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izan zineten. Publikoaren aldetik ez dirudi gorroto askorik jasotzen ari zaretenik, ezta? Oso pozik gaude publikoaren erantzunarekin. Azkenean, urte osoko lanaren emaitza dela uste dut, eta gure aldetik, edo nire teatroarekin, publiko bat sortzen ari dela. Eta hori pozagarria da, benetan. Jendea nahikoa inpaktatuta ateratzen da emanalditik. Horren ohituta gaude, esaterakoa, zineman indarkeriako eszenak ikusten,baina teatroan, berriz, ez da halakorik ematen. Baina antzerkian ere posible dela pistola batekin erasotzea. Oro har, nahiko gustura ateratzen da publikoa antzokitik. Gustura, baina, aldi berean, ukituta. Erritmo oso bizian doan antzezlana da, sentimendu asko mugiarazten duena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide