Larunbat honetatik aurrera afari tematiko eta musikalak eskainiko dituzte Zumaiako bost jatetxetan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko aza. 15a, 13:07

«Bezeroei zerbait berria emateko gogoz», Zumaiako bost jatetxek plan berezia diseinatu dute, «mahai inguruko afari lasai eta zoragarriez goza dezaten».Hala, Zumartian elkarteak eta Xpressionk taldeak Gourmet Gauak ekimena antolatu dituzte. «Gourmet afari on bat musikarekin fusionatzen badugu, afaria gure gogoan geldituko da. Baina, gainera, musika hori zuzenean baldin bada, afariak beste ikuspuntu erakargarriago eta gogorakorragoa izango du», azaldu dute antolatzaileek. Ildo horretatik, etzitik hasita, «bost zentzumenekin gozatezko  afari musikalak» izango dira Zumaiako Beheko Plaza, Basusta, Trapaia, Zumaia hotela eta Marina Berri jatetxeetan. Menu bereziak Beheko plaza jatetxeak eskainiko du lehenbiziko gourmet afaria, etzi. Aurreratu dutenez, menu italiarra prestatuko dute, Florentziako sukaldean oinarrituta, «Toscanako eta Reggio Emilia tradizioan jarraituz  eta etxean egindako osagarriekin sukaldatuta», adierazi dute. Besteak beste, tortelliniak, onddo risottoa eta basurdea dastatu ahalko dira. Basustan egingo dute bigarren saioa, azaroaren 24an, eta Solaguen ardo markarekin elkarlanean, fusio afaria emango ditu. Afalosterako ere zerbait berezia eskainiko dute; koktelari profesional batek gin tonic-ak egingo ditu, eta Solaguen bodegako hiru botila ardo zuri dituen hiru kaxa zozkatuko dituzte. Azaroaren 30ean, Zumaiako menu musikala eskainiko dute Trapaian, ahatea, Holandako  txahal sahieskia eta bakailaoa jango dute bertaratzen direnek. Udazkeneko menuaz gozatzeko aukera izango da Zumaia hoteleko jatetxean, abenduaren 7an. Hurrengo egunean Marina Berrin izango da hitzordua. Gaztelako menua dastatu ahalko da, Arandako eskabetxeak, Ganako babarrun handiak, Soriako xigortuak eta Montanera eta Gijuelako gutiziak, esaterako. Musika girotzeko Jatetxe horiek menu «ezberdin, original eta tematikoak» eskaintzeaz gain, musikarekin girotuko ditu. Zuzeneko bana emango dute Paul San Martin, Low Riders, Pablo & Sara Grajal, Anna Valentina Trio eta Down Town musikariek datozen egunetan. «Krisi garairako prezioak» ezarri dituzte, gainera: «Zuzeneko musika eta janari zoragarria nahikoa ez balitz, afarien prezioa 25-30 euro artekoa izango da». Hori dela eta, herritarrak Gourmet Gauetan parte hartzera animatu dituzte. Jakinarazi dutenez, erreserbak jatetxeetan bertan egin ahalko dira. Ekimenez informazio osatuagoa eskuratu nahi dutenek www.zumartian.com webgunea bisita dezakete, baita elkartearen Facebookeko profilean ere. Egitaraua -Azaroak 17, larunbata. Beheko Plaza jatetxean, Toscanako menua eta Paul San Martin bakarlariaren kontzertua, 25 eurotan. -Azaroak 24, larunbata. Basusta jatetxean, fusio afaria eta Low Riders taldearen kontzertua, 30 eurotan. -Azaroak 30, ostirala. Trapaia jatetxean, Zumaiako menu musikala eta Pablo eta Sara Grajalen kontzertua, 25 eurotan. -Abenduak 7, ostirala. Zumaia hoteleko jatetxean, udazkeneko menua eta Anna Valentina Trio taldearen kontzertua, 25 eurotan. -Abenduak 8, larunbata. Marina Berri jatetxean, Gaztelako menua eta Down Town taldearen kontzertua, 30 eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide