«Kalitatezko irakaskuntza» jorratuko dute Zumaiako Klarinete Maratoian

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 7a

Gaurtik igandera bitartean klarinete munduan murgilduko da Zumaia, XI. Klarinete Maratoiari hasiera emango baitiote gaur bertan. Zumaiako Udal Musika Bandak antolatu du egitasmoa 11. urtez, eta arduradunek jakinarazi dutenez, maratoian musika hezkuntzaren muina eta printzipio ugari landuko eta uztartuko dituzte. «Kalitatezko irakaskuntza landuko dugu, eta maila handiko musikari eta irakasleek ezagutzak partekatzeko aukera izango dute. Gainera, jatorri eta maila desberdinetako musikarien harremanak sustatuko dira». Horretaz gain, klarinete-jotzaileak jendaurrean jotzen trebatu daitezen teknikak landuko dituzte eta euren lorpenak herritarrei erakusteko kontzertuak emango dituzte. Ekimenez blai Urtez urte Klarinete Maratoia musika tresnaren inguruan ekimen anitzak landu ditu, eta garai berrietara egokitu da. Aurtengoan, esaterako, eskualdeko herrietan harrera paregabea izaten ari den pintxo potea musikarekin uztartu dute, eta Pintxo Poteo Musikatua antolatu dute bihar arratsalderako. Horretaz gain, izango dira urtero antolatzen diren jarduerak ere. Espainiako Orkestra Nazionaleko kide Carlos Casadok, esaterako, aurten ere ikastaroak emango ditu. Gainera, gaztetxoei zuzendutako Klarinete Laukoteen Lehiaketa ere izango da larunbatean. Bi mailatan banatuko dituzte parte-hartzaileak. Hamahiru urtez azpiko gaztetxoak kategoria batean lehiatuko dira, eta 14 eta 20 urte bitarteko parte hartzaileek beste batean. Egitaraua Azaroak 7, gaur -10:00. Isiltasunaren tailerra izango da helduentzat, Ubillos jauregian. -19:00. Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek kontzertua emango dute, komentuan. Azaroak 8, bihar -20:30. Klarinetea eta... pintxo pote musikala izango da Alondegian. Azaroak 9, ostirala -20:00. Garai bateko Serenatak, gaurko kafe musikala: Gran Partita, Wolfang Amadeus Mozarten  piezen kontzertua izango da Alondegian. Azaroak 10, larunbata -Goizean zehar. Buffet-Crampon, Mafer eta Erviti Musika Etxeek dituzten musika tresnen eta osagarrien erakusketa izango da. -11:00. Lutheria, instrumentuen konponketa erakustaldia egingo dute Ubillosen. -16:30. Isiltasunaren tailerra egingo dute gaztetxoentzat, Ubillosen. -18:00. Klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa egingo dute Ubillosen. Azaroak 11, igandea -12:30. Zumbeko eta Maratoiko ikasleek kontzertua emango dute Maria eta Jose Ikastetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide