Kultur produktuen bigarren eskuko azoka izango da asteburuan Zumaian

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 19a

Zumaiako Baleike Kultur Elkarteak bigarren eskuko kultur produktuen azoka antolatuko du beste urte batez. Asteburuan liburuak, diskoak, komikiak edota bideoak egongo dira salgai Alondegiko Oxford aretoan. Aurten zazpigarren aldiz eramango dute aurrera bigarren eskuko azoka eta aurreko urtetan bezala herritarrak bertara hurbiltzea nahi dute antolatzaileek. Distirarentzat laguntza Pasa den urtera arte, nazioarteko lankidetzara bideratu ohi zuen Baleikek azokan bildutako dirua; iaztik ordea azokan lortutako irabaziak Zumaiako eragileei laguntzeko erabiliko dute. Baleike kultur elkartea izanik, herriko kultura bultzatu nahi dute, eta, horregatik, herriko kultur taldeetara bideratuko dute aurrerantzean lortutako diru. Aurten, esaterako, kultur produktuen bigarren eskuko azokan biltzen duten irabazia Distira Argazki Elkartearentzat izango da, bulegoa antolatzeko behar duten materiala erosten laguntzeko. Azoka larunbatean irekiko dute, 11:00etan, eta 14:00ak bitartean egongo da zabalik; arratsaldean, berriz, 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik. Igandean ere ordutegi hori bera izango du azokak. Oraindik ere materiala jasoaz Aurreko edizioetan gertatu bezala, Baleikek herritarren laguntza izan du aurten ere materiala biltzeko. Duela aste batzutatik ari dira liburuak eta bestelako produktuak jasotzen, Alondegian bertan. Hasiera batean atzo amaitzen zen materiala emateko epea, baina antolatzaileek adierazi dute datozen egunetan ere jasoko dutela. Beraz, zumaiarrek apaletan hautsa jaten erabiltzen ez dituzten liburu, disko,dvd, komiki eta beste hainbat kultur produktu badituzte Alondegian utzi ditzazkete bigarren eskuko azokan saltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide