Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren Gipuzkoako zerrendan hirugarren tokian ageri da Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967). Legebiltzarkidea da gaur egun ere, eta eserlekua berriz hartzeko prest da. Gipuzkoako Buru Batzarraren egoitzan hartu du Hitza.
Lehenengo inkestek garaipena ematen diote EAJri. Eusko Jaurlaritzara itzultzeko gogoz izango zarete, ezta?
Normalean inkestak ordaintzen dituenak bere interesak izaten ditu, eta ez da lehen aldia inkestek EAJri oso emaitza onak ematen dizkiela, eta gero errealitatea desberdina izan. Gure asmoa irabaztea da. Pentsatzen dugu ahal izango dugula, irabazi egingo dugula, baina nik ohar bat egin nahiko nieke hautesleei: ez daitezela etxean geratu gauzak eginda daudela uste dutelako. Botoak zenbatu arte ez dira gauzak inoiz eginda egoten.
Jo dezagun zuzenean ekonomiara. Nola laburbilduko zenieke herritarrei zein den EAJren proposamena arlo ekonomikoari dagokionez?
Gure proposamena oso zabala da; 600 neurri zehatz ezartzen ditugu programan, eta horiek guztiak aurrera eramateko ahalegin guztia egiteko asmoetan gara. Jaurlaritzaren lehentasun ezinbestekoa izango da ekonomia suspertzea. Ekonomia suspertu, zergatik? Batetik, ditugun langabezia tasak oso azkar igotzen ari direlako. Gure BPGren %35 industriatik datorkigu, eta nahitaez industria berrindartu behar dugu.
Egia da ez dela aurreneko krisialdi latza: 1980 eta 1990eko hamarkadetan ikaragarrizko krisiak sufritu genituen, eta langabezia tasak egun ditugunak baino askoz ere handiagoak izan ziren. Haietatik irten ginen, eta irten ginen benetan industriari eutsiz, birmoldatuz, gaurkotuz, nazioartera jauzi eginez... Gaur egun gure industria askoz ere hobeto dugu, baina hala ere erronka hor dago. Lana emateaz gain, justizia soziala bermatzen duen sistemari eutsi egin behar badiogu, eta sistema hori indartu egin behar badugu, aberastasuna behar da gero hori banatu ahal izateko, eta aberastasuna industriak eta ekonomiak sortzen dute oro har.
Eta nola egin aurre erronka horri?
Ideia asko ditugu, eskarmentu handia dugu, eta jardun horren emaitzak begi bistakoak izan dira edozeinentzat. Horretaz aparte, gauden egoeran, gure ustetan akordio zabalak bilatu beharko dira. Eragile politiko guztiekin, eragile sozialekin, sindikatuekin, enpresekin, mundu guztiak bere aldetik jarri behar du, denon artean atera gaitezen eta inor ez dezagun baztertuta eta ahaztuta utzi.
Enpresak dira lana sortzeko giltzarrietako bat. Gipuzkoako enpresaburuen elkarte Adegik, esaterako, zer irizten dio zuen neurri sortari?
Programa egiteko hilabete askotan eragile askorekin hitz egin dugu. Eragile asko horien artean denetarik egongo zen, baina ez dakit Adegik iritzia eman duen ala ez. Eragile askok iritzia azaltzeko aukera izan du, eta eragile askotariko horien ekarpenekin egindako hausnarketa sakon baten ondorioz itxuratu dugu programa bat, gure ustetan sendoa, serioa, eta nolabaiteko arrakasta bermea eskaintzen duena egoera honetatik ateratzeko.
Osasungintza eta Gizarte Zerbitzuak mantendu egin nahi dituzue. Nondik murriztuko duzue?
Datorren urtean eta hurrengoan, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean duen aurrekontua bezainbeste erabili beharko du Jaurlaritzak, Patxi Lopezen gobernuak egindako zorraren finantza gastuak ordaintzeko. Hori ikaragarria da. Eta gainera, kontuan hartu behar dugu ekonomia suspertzen ez den bitartean eta beheranzko bidean jarraitzen duen bitartean, nahiz eta zerga politiketan aldaketak egin, zaila izango dela baliabide sarreren murrizketa ekiditea. Beraz, panorama benetakoa hori izanda, murrizketarik ez dela egongo esatea, ez da egia. Eta jendeak egia merezi duela uste dugu. Baina badaude marra gorri batzuk, eta guk argi ditugu; osasun sistema, gizarte politiketako sistema, eta hezkuntza sistema dira. Hiru horiek dira, nolabait, ongizate estatuaren zutabeak, eta horiek mantentzeko ahaleginak eta bi egin beharrean gaude. Mantendu, eraginkortasun-ezak konpondu, eta funtsean dirua benetako sistema justu bat bermatzera bideratu.
Beraz, murrizketak...
Dudarik gabe hasiera-hasieratik moztu beharko dena izango da administrazioaren beraren kostua. Eta egun dauden egiturak, organigrama ondo aztertu, eta hortik kengarria zer izan daitekeen erabaki. Erronka ez da makala, oso zaila da, baina zailtasun guztien jakitun izanik, dudarik gabe, horretan eskarmentu gehien, gauzak nola egin ondoen dakien aukera geu gara.
Madrildik Osasungintzan eta Hezkuntzan murrizketak egitera derrigortu nahiko balute Eusko Jaurlaritza, zer egingo luke EAJk?
Jarrera horien aurrean gu zutik eta aurrez aurre egongo gara daukaguna defendatzen. Baina gure asmoa ez da daukaguna defendatzea soilik. Daukagunetik askoz harago joatea baizik, eta gure buruaren jabe izateko tresnak geroz eta handiagoak izan daitezen lortzea. Eta nola egin? Bada, ez dago beste biderik, eta da Legebiltzarra erabiltzea, bertan islatuta dagoen jendearen ordezkaritza bideratzea ahal diren akordio eta kontsentsu zabalenak lortzera benetan hori horrela izan dadin. Ez gara konformatzen egun daukagunarekin, eta gure asmoa da esparru hori askoz gehiago zabaltzea eta ditugunak baino tresna eraginkorragoak lortzea geure burua kudeatzeko.
Zergatik bozkatu EAJ? Zer eskaintzen du, beste alderdiek eskaintzen ez dutena?
Ekonomiaren arazoari aurre egitea da gure lehentasuna. Baina horretaz aparte ikuspegi politiko puru batetik, konpromiso sendo bat eskaintzen dugu gure etorkizuna erabakitzeko ariketa hori egin ahal izateko. Eta hori guztia ez ezik, beste helburu nagusia eta inola ere ahaztu ezin duguna, da gure arteko bizikidetza eta behin betikoko bakea egonkortzea. Eta hori egiteko gai garela jakin badakigu, eta uste dugu gure 35 urtetako ibilbideak nolabait hori guztia agerian uzten duela. Inor ez da perfektua, geu ere ez, baina batez bestean beste inolako alderdi politikok eskaintzen ez duen bermea eskaintzen dugu eta horrela diot, seguru gaudelako horrela dena.
Oso ondo ezagutzen duzu Urola Kosta. Hemen ere ekonomikoki zer hobetu asko dago. Corrugados enpresaren egoera ere hor dago, adibidez.
Industriak garrantzia handia du herri gehienetan. Corrugadosen arazoa hor dago, benetan egiturazkoa da. Lantegiaren ekoizpena azken urteetan Espainiako Estatura bideratu izan dute neurri handi batean, etxegintza sektoreari esker asko saldu dute, eta merkatu hori gabe gelditu direnean, sektorea aukerarik gabe gelditu da. Zorionez, beste enpresa askok azken urteetan lan ikaragarria egin dute nazioartera jotzeko. Europaz ere kanpoko merkatu berriak aurkitu behar dira.