Olagarroaren argazki kamera

Aritz Mutiozabal 2012ko irailaren 11

Jai giroan ere begi fotografikoa erne eta kamera prest edukitzea nahikoa da kategoriazko argazkiak ateratzeko. Zumaiako Udalak eta Distira Argazki Elkarteak iritzi horren aldekoak, eta zortzigarrez urtez, argazki rallya antolatu dute Olarro Egunerako; larunbat honetarako, irailaren 15­erako, hain zuzen ere. Izena lehiaketa egunean bertan eman beharko dute argazkilariek, Turismo Bulegoan bertan, 08:30etik 09:30era, 5 euro ordainduz. Aurtengo lehiaketako gaiak rallyaren hasieran jakinaraziko dute antolatzaileek. Parte-hartzaileek JPG formatuko argazki digitalak atera beharko dituzte, kalitaterik altuenean, eta txartelean jasotako lehen 50 argazkiak bakarrik hartuko zaizkie kontuan. Argazkiak turismo bulegoan deskargatuko dira, 13:00­etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Argazkiak deskargatu ondoren, parte-hartzaileei sei argazkiz osatutako bilduma osatzeko ia astebete emango zaie. Le­hiake­ta­rako aukeratutako irudiak irailaren 21a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte: olarroeguna­2012@gmail.com posta elektronikora bidali behar dira, partaidearen zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz. Antolatzaileek posta elektronikoz erantzungo diete argazkilariei , bilduma ondo jaso dutela ziurtatzeko. Sariak eta proiekzioak Argazkigintzan aditua diren kideek osatuko dute epaimahaia, eta haiek erabakiko dituzte saridunak. Bilduma onenaren egileak 150 euroko sari ekonomikoa eta garaikurra jasoko du; bigarren sailkatuak, berriz, 120 euro eta hirugarrenak, 90 euro. Lehen sailkatzen den herritarrari 60 euro emango dizkiote, eta 16 urtetik beherako parte-hartzaileentzat oparitxo bat egongo da. Egile bakoitzak sari bat baino gehiago ezingo ditu jaso, gainera. Oraindik ez dute zehaztu sari banaketa ekitaldiaren eguna noiz izango den, baina antolatzaileek azaldu dutenez, garaiz iragarriko dute eguna, tokia eta ordua . Urtero bezala, ekitaldiaren baitan lehiaketara aurkeztutako lanak proiektatuko dituzte. Iazko bilduma irabazlearen egilea Luis Llavori izan zen. Bigarren saria Imanol Manterolak jaso zuen eta hirugarren saria, berriz, Juan Jose Agirre. Zumaiako bilduma onenaren saria, bien bitartean, Leire Zearretarentzat izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide