Ahuntzaren eztula, biluz-biluzik

Aritz Mutiozabal 2012ko irailaren 7a

Joseba eta Mikel Aizpurua Garate anaiek Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE) taldea berpiztu du­te, eta Akustik biluzik disko berria besazpian, zuzenekoetara itzuli dira. Uztailaren erdian aurkeztu zituzten abesti berriak, Itzurun tabernan eskainitako kontzertuan, eta gaur gauean beste horrenbeste egingo dute, 22:30ean hasita, Ttakun tabernan. Hori bai, azken lanaren izenburuari ohore eginez, modu akustikoan itzuli dira eszenara. AGE rock elektrikoarekin lotu izan da betidanik. Nortasun horri eusteko, Lette Band proiektu paraleloari heldu zioten duela urte batzuk: bluesa, folka eta rock akustikoa jorratzen hasi ziren abentura berrian, hain zuzen ere. Taldearekin buru-belarri jarrita, Itsasora lana argitaratu zuten 2008an. Haien musika proposamenak konbentzitzen bazuen ere, Lette Band izenak «nahasketa» sortzen zuen, betiko zaleentzat AGE izaten jarraitzen zutelako. «Ondorioz, betiko izena berreskuratu, eta, hartara, nahi dugunean formatu akustikoan jotzen dugu eta nahi dugunean elektrikoan». Abesti zaharberrituak Akustik Biluzik disko berriak 18 abesti jasotzen ditu bere baitan. Hala eta guztiz ere, bi zatitan banatuta dagoela nabarmendu dute Aizpuruatarrek. Lehen zortzi abestiak berriak dira, eta gainerako hamarrak, berriz, zaharrak; Lette Band bezala kaleratutako diskoko kantak ez ezik, AGEren Pelipinen historia eta Trena badoa klasikoak moldatu dituzte. Konposizio berriak zein zaharrak berriro grabatu dituzte. Lette Banden gitarra akustikoa eta banjoa bakarrik erabili zituzten, eta, oraingo honetan, baxua, bateria eta teklatua gehitu dizkiote gitarrari. Abesti berriak zaharren ildo beretik doazen arren, «landuagoak» direla diote musikari zumaiarrek: «Denbora ge­hiago eskaini diegu, eta, oro har, sakonago landu ditugu». Letrari dagokionez, eguneroko bizitzaa dute oinarri eta hizpide. Joan den udazkenean grabatu zuten, hiru hilabetetan, entsegu lokalean atonduta duten estudioan. Diskoa, berriz, uztailean plazaratu zuten CD formatuan; ehun ale baino ez dituzte atera, eta kontzertuetan saltzen ari dira 5 euroren truke. Era berean, abestiak entzuteko eta jaisteko aukera eskaintzen dute taldearen web atarian. Talde mitikoa Ahuntzak duela 25 urte pasatxo egin zuen bere lehen eztul saioa; izan ere, 1986an eman zuten estreinako kontzertua laukote moduan. Garai hartan, bi musika talde baino ez zeuden Zumaian; bestea, Harri Koskorrak zen. Horrek talde mitiko bihurtzen du AGE. Hainbat kontzerturen ondoren,  maketa bat grabatu zuten 1993an, baina handik gutxira bateria-jotzaileak taldea utzi zuen eta baxu-jotzaileak soldaduskara joan behar izan zuen. Halabeharrez, laukotea bikote bihurtu zen. Hamarkada bateko isilaldia hauste aldera, 2006ankontzertu akustikoa eskaini zuten Algorri tabernan. Harrezkero, hurrengo sei urtetan, Lette Band gisa funtzionatu dute, baina orain jatorrizko izenarekin itzuli dira. «Gi­ro polita izan genuen aurkezpen kontzertuan», azaldu dute. Hala ere, «jende askok gure alde elektrikoa faltan botatzen due. Formatu rockeroan ikusi nahi gaituztela diote. Horretarako, ordea, kide gehiago beharko genituzke taldean». Dena dela, zaleek botatako erronka ez dute baztertzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide