Birziklatze distiratsuak

Urola Kostako Hitza 2012ko abuztuaren 10a

Txiki Agirre Keixeta-ren Zerrenda amaitu gabea erakusketak ateak itxiko ditu etzi.Artista arroarrak proposaturiko Gernikako bonbardekataren itzal luzearen ondoren, Imanol Ossaren erakusketak argituko du Alondegiko Oxford aretoa. Abuztuaren 16tik, datorren ostegunetik, irailaren 2a bitartean, arte-diseinatzaile zumaiarraren Argiak proiektua ikusi ahal izango da. Oro har, bere azken lanen aukeraketa bat aurkeztuko du bertan: «Gehien bat lanparak dira, baina erakusketarako propio sortutako pieza bereziak ere badaude, Zumaiari edo Euskal Herriari begirada bat eginez, orain sortzen ari garen zaborrekin». Izan ere, Ossaren artelanek birziklatzea dute oinarri. Bere ibilbide artistikoa 1995ean abiarazi zuenetik, eremu horretan egin du lan, eta horri jarraituz, gizarteak sortu, erabili eta bota egiten dituen materialetan oinarritzen da bere piezak ekoizterako orduan. Modu horretan, «bigarren aukera edo bizitza» ematen die materialei. Berrerabiltze horretan, «argia jartzen diet topatzen ditudan objektuei. Inkontzienteki, gure aztarnari edo lagatzen ari garen zaborrari eta gi­zartearen erretratuari argia jar­tzea balitz bezala da», aditzera eman du diseintzaile zumaiarrak. Ossak Arts and crafts (arteak eta lanbideak) mugimenduaren baitan kokatzen du bere lana, eta, nolabait esateko, eskulangintzari edo artisautzari omenaldia egiten dio. Hala eta guztiz ere, gaur egungo lehengaia aldatu egin dela dio, gizartea bera bezalaxe: «Konplikatu egin da, eta enpresek sortu dituzten pieza industrialak, pianoak, bizikleten guardabarroak, koilarak, sardexkak, platerak, kikaraketa abar dira lehengai gisa erabiltzen ditudanak. Eta horiek ekartzen diguten karga emozionala ere lantzen dut, noski». Lanparak edo objektu argidunak dira Argiak erakusketan ikusgai izango diren piezak. Edonola ere, «eskultura edo jolas modura erabiltzen ditudan egitura eta pertsonaiak ere bilduko ditut, egur zaharrekin eta metal herdoilduekin eginak; tartean, Zumaiako hondartzetan topatutako materialekin egindakoak daude», dio sortzaileak. Itsasertzeko hondakina Datorren astetik aurrera Alondegian bisitatu hal izango den erakusketak Ossaren azken urteetako hainbat lan jasotzen ditu. Plastic fish saileko piezak ezarriko ditu, besteak beste. Proiektu honekin itsasoan pilatuta dagoen plastiko kopuruari egin nahi dio kritika. Ondorioz, arrain irudi argitsuak aurkeztuko ditu, arrain-parrillak eta itsasertzean aurkitutako mota guztietako plastiko zatiak uztartuz. Beste pieza batzuek gudek sortarazitako zaborra dute abiapuntu. Love eta Bakea izenekoak, esaterako, borroka armatua bukatu ondoren aurki daitezken hondakin berrien alegoria dira. Armak erabilita aipatutako bi hitzak nabarmendu ditu. Hain zuzen ere, armek «hitz egingo» balute bezala. Pieza horiekin batera, Montenegron landuko beste zenbait ere azalduko ditu, gudan zehar erabilitako bonbekin eginak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide