Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dagoeneko dena prest dago igandean jokatuko duten IV. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketarako. 10:00etan abiatuko dira parte-hartzaileak Beheko Plazatik eta 31,2 kilometroko ibilbidea egingo dute Pikote-Elorriaga-Arantza Mendata-Txarturi-Uzkanga-Errotaberri eta Soraz artean. Ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat mendi martxa antolatu du Indamendi elkarteak larunbaterako. 08:45ean bilduko dira, Kutxa aurreko plazan.
Espainiako Kopako hirugarren jardunaldia izango da igandekoa. Hori dela eta, parte-hartzaileei dagokionez, goi mailako korrikalariak lehiatuko dira. Besteak beste, Oihana Kortazar (2009ko probako irabazlea) eta Ana Conderen (2010 eta 2011ko garailea) artean izango da «lehia ikusgarriena». Zumaian izango dira estreinakoz aurrez aurre.
Gehienez lau ordu eta 40 minutu izango dituzte korrikalariek ibilbidea egiteko. 13:00etan izango da 23 urtez azpikoen sari banaketa, eta ordu laurden beranduago seniorrena.
Proba hasi aurretik, 09:45 inguruan, Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Antxon Bandres mendizaleak omenduko dituzte. Urtero, mendizaletasunarekin lotura duten hainbat lagunen lana aitortzen dute.