Lau urte geroago, Zumaiako Triatloia berreskuratu egingo dute. Zumaiako Triatloi Taldeak proba antolatzeari utzi behar izan zion, babesle nagusiaren laguntzarik gabe gelditu zelako. Iaz triatloi elkartearen zuzendaritza batzordea aldatu egin zuten, eta Andoni Agirrek hartu zuen lehendakari ardura. Bere esanetan, «estreinako urtean talde barruan egin beharreko lanak aztertzen aritu ginen. Aurten, jendearen eskaerak kontuan hartuta, triatloia antolatzea erabaki dugu». Ahalegin horretan, Zumaiako Udalarekin eta Euskadiko Triatloi Federazioarekin harremanetan jarri ziren, eta ekimenak oneritzia jaso zuen. Horrenbestez, irailaren 1ean jokatuko dute proba.
Bere garaian distantzia olinpikoko triatloia antolatzen zuten. Orain, ordea, distantzia laburragoen aldeko apustua egin dute antolatzaileek: «Lehen ez bezala, ez genuen maila goreneko lasterketa izaterik nahi. Izaera herrikoia eman nahi genion; jendea triatloi proba txikiak egitera animatu nahi ditugu, alegia. Federazioak ere triatloia herritarren artean sustatu nahi duenez, ongi iruditu zitzaion gure proposamena».
Hori horrela, bi lasterketa antolatu dituzte; bata, herrikoia, bereziki ez federatuentzat, eta bestea, batik bat federatuentzat, nahiz eta ez federatuek ere parte hartu ahal izango duten. Izena emateko epea herenegun zabaldu zuten, eta
Euskadiko Triatloi Federazioaren webgunearen bitartez egin daiteke, abuztuaren 15ra arte. Lasterketa batean zein besten 150 lagunetara mugatu dute parte-hartzea.
Gernika parkea bilgune
Box eremua eta helmuga Gernika parkean kokatuta egongo da. Triatloi herrikoia supersprint distantziakoa izango da; hau da, lasterkariek 350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko dute. Irteera 15:00etan egingo dute, Kirol Portuko sarreratik Zubi Berri ondoko eskaileretara igeri eginez; ondoren, Oikia auzora joan-etorria egingo dute bizikletaz; eta, amaitzeko, Parol bidean joan-etorria egingo dute korrika.
Bigarren lasterketa, sprint distantziakoa, aurrekoaren bikoitza izango da. Kasu honetan, 16:30ean hasiko da proba, eta parte-hartzaileek 750 metro egin beharko dute igeri,Talaipe taberna pareko eskaileretatik Zubi Berriko eskaileretara; bizikletan Oikiatik Aizarnazabalera abiatu eta gero, Zumaiara itzuliko dira 20 kilometro eginda; eta, biribiltzeko, Parol bideari bi itzuli emango diote korrika, 5 kilometro osatuz.
Irabazleek dagokien sariak jasoko dituzte, baina gainerako parte-hartzaileak ez dira esku hutsik joango etxera. Opari ugari zozkatuko dituztela jakitera eman du triatloi taldeko lehendakariak; besteak beste, kirol materiala, masaje saioak, janariak eta bazkariak. Gisa horretan, «giro herrikoia eman nahi diogu probari».
Guztia azkar samar antolatu badute ere, Zumaiako Triatloi Taldeak ilusioz heldu dio erronkari: «Abentura handian murgildu gara, eta ongi ateratzea espero dugu. Edonola ere, gure asmoa Zumaiako Triatloia berreskuratzea da.Izan ere, dezenteko sona zuen, eta jendeak ea antolatu behar genuen galdetzen zigun behin eta berriro. Gaur egun egoera ekonomikoak ez duela askorik laguntzen, baina ahalegintzea erabaki dugu». Triatloi elkarteak probarekin jarraitu nahi du datozen urtetan ere, baina, lehenik eta behin, aurtengoa nola ateratzen den ikusi nahi du.